'Nomadland' nabarmendu da Bafta Sarietan
2021-04-13 08:04 ZinemeaChloé Zhaoren filmak lau sari irabazi ditu, tartean pelikularik onenarena.
Hileko azken domekan emongo diran Oscar Sarietarako lehian, Chloé Zhaoren Nomadland bere indarra erakusten hasi da, Bafta Sarietan lau garaikur etxera eroan ditu eta. Lehendik be Oscarretarako faboritoetako bat zan, sei izendapenegaz, baina Britainia Handiko Zinema Akademiak emondako sariketan beste hautagaiak baino gehiago nabarmendu da.
Filmik onenaren Bafta Saria irabazi dau Nomadland-ek, eta Chloé Zhaok zuzendaririk onenarena. Ganera, emakumezko aktorerik onenaren saria Frances McDormandentzat izan da, Zhaoren pelikulan egindako lanagaitik. Argazkirik onenaren kategorian heldu jako laugarrena film honi.
Estadu Batuetako mendebaldean furgoneta baten bizi dan emakume pobretu baten azalean sartu da McDormand Nomadland-en, errealidadean milaka amerikarrek sufridu behar daben egoerea agirian ipiniz.
Online egindako ekitaldian, Bafta Sariek beste artista askori be gorazarre egin deutse, azkenaldiko pelikuletan egin daben lanagaitik. Gizonezko aktorerik onenaren saria Anthony Hopkins galestarrak irabazi dau, Father filmean burua galtzen hasita dagoan gizon baten azalean egindako interpretazinoagaitik. Bafta Sarien historian aktore onenaren kategorian irabazi dauen aktorerik zaharrena da, beraz, Hopkins.
Promising Young Woman izan da aurtengo beste irabazle nagusia, Britainia Handiko filmik onena izentau dabe eta. Gidoi original onenaren saria be eskuratu dau.
Bigarren mailako aktore onenen palmaresean Yuh-Jung Youn (Minari) eta Daniel Kaluuya (Judas and the Black Messiah) sartu dira. Ingelesez ez dan pelikularik onenaren atalean Another Round izan da onena.
Soul be aitatzekoa da. Animazinozko film onenaren saria irabazteaz gan, musika original onenarena be emon deutse, Jon Batiste, Trent Reznor eta Atticus Rossek egindako konposizinoari esker.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!