Azkuna Zentroak Berlangari eskainitako zikloa programau dau
2021-04-12 10:50 ZinemeaLuis García Berlanga. XX. Mendearen kronistea apirilaren 14tik bagilaren 17ra.
Ziklo monografiko honetan, Valentziako zinemagilearen izenburu enblematikoenetako batzuk ikusiko dira eta Azkuna Zentroko Zinematekeagaz bat egingo dau Berlanga Urteko omenaldiakaz, zinemagilearen mendeurrena ospatzeko.
Programea Esa pareja feliz (1951) filmagaz hasiko da. Zuzendari valentziarraren lehenengo lana da, bai eta Juan Antonio Bardem zuzendari eta gidoilariagaz egin eban lehen kolaborazinoa be, biak Ikerketa eta Esperientzia Zinematografikoen Institututik urten barriak zirala.
Ondoren, Bienvenido Míster Marshall (1953) lana heldu zan, Cannesko Zinemaldian saritua eta, zuzendariaren gogokoena izan ez arren, 50eko hamarkadako Espainiako zinemearen ikurra. Parodia horri esker, Berlangak sasoiko zentsureari aurre egin eutson, erregimen frankistearen irudi suntsitzailea erakutsi arren.
Ondoren, ziklo honetan programautako beste titulu batzuk datoz, besteak beste, Calabuch (1956), Los jueves, milagro (1957) eta Plácido (1961), desarrollismoaren gizartearen erretratu diranak. Ezin zan falta El verdugo (1963), bere maisulantzat hartzen dana. Rafael Azconaren gidoia eta heriotza-zigorraren kontrako alegatua nabarmentzen dira.
La escopeta nacional (1978) eta Patrimonio nacional (1981) Berlangak, zentsurearen presino barik, Franco hil ondoren sortzen hasia zan errealidade soziala garraztasunez islatzeko egindako trilogia barre-eragilearen zati dira. La vaquilla (1985) filmagaz, Espainiako Gerra Zibilera bueltau zan atzera Berlanga eta komedia lez aurkeztu eban, Espainiako historiako atalik ilunenetako bati buruz irribarrea atarateko gaitasuna erakutsiz.
Zikloa hiru Goya sari eskuratutako Todos a la cárcel (1993) lanagaz amaituko da. Horretan be, Berlangak gizartearen erretratu garaikidea egin eban, gero klase politikoaren zati batek erakutsi dauenaren iragarle.
Sarrerak: Golem Alondiga zinemako txarteldegian eta www.golem.es webgunean.
Informazino gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!