Getxon Mini Gascogna estropadea jokatuko da

Bizkaie! 2021-04-07 12:12   Kirola

Garagarrilaren 30etik abuztuaren 3ra.



Estropadeak 600 itsas miliako joan eta etorriko ibilbidea izango dau Bizkaiko Golkoan, Le Verdon-Sur-Mer, La Rochelle hegoaldetik 80 kilometrora (Frantzia) eta Getxo artean. Bertan Mini 6.50 erako 72 belaontzik parte hartuko dabe. Mini 6.50 belaontzia bertan biziteko modukoa da, dimensino txikikoa, Atlantikoa gurutzatzeko egokia. 50 baino gehiago frantziarrak izango dira, nahiz eta beste jatorri batzuetakoak be bai, besteak beste, Italia, Alemania, Suitza, Belgika, Uruguai edo AEB-takoak.

Mini Gascogna izango da parte-hartzaileei Frantzia eta Karibe artean, Kanarietan geldialdia eginez, urte bakoitietan jokatzen dan Mini Transat 2021 entzutetsurako sailkatzeko aukerea emongo deutsen azken estropadea.

Portu bietako udalerrietako ordezkariek atonduta egongo da estropadea. GOS Offshore Sports izango da Getxon estropadeak egingo dauen geldialdiaz arduratuko dana. Sailors for the Sea zigiluagaz konprometidutako enpresea da (ziurtagiri horrek adierazoten dau antolatzaileak ingurumenari eragindako kalteak murrizteko neurriak hartu dituala, besteak beste, erabilera bakarreko plastikoa ez erabiliz, tokiko produktuen konsumoa lehenetsiz eta hondakinak batzeko konpromisoa). Gainera, proban ingurumena gehien errespetetan dauen partaidearentzat sari berezia izango da.

Mini Gascogna estropadea The Race Around 2023 munduaren inguruko estropadearen Futures Program izeneko egitasmoagaz lotuta dago, industria nautikoan eko-arduratsuak diran materialen erabilerea bultzatu eta gazte zein helduentzako heziketa programak eskaintzen dituana.

Getxora garagarrilaren 30ean heldu eta Frantziara abuztuaren 3an bueltauko dan estropadaz gan, Udalaren eta ekitaldiaren beste babesle batzuen laguntzeari esker, egun horreetan jenteak familian egiteko ekintzak izango ditu eskuragarri, pandemiaren bilakaera onaren pentsuan egongo diran ekintzak: dobako tailerrak, kontzertuak, hondartzak garbitzeko jarduerak eta eta bakarkako eta binakako Bizkaiko Txapelketea. Holan, apirilean hasiko dan programea da: ikastetxeetara bisitak be egingo dira eta Getxo eta Bizkaiko Itsasoa eta Irristadura sektorera bideratutako maisu eskola bat (master class) emongo da maiatzean, Bizkaian kokatutako 171 enpresez osotutako sektore horretako persona ekintzaileei zuzendutako Getxo Itsas Hub sortu barria aprobetxauta, udalerriak kirol eta ongizate arloko teknologien industriaren alde eginiko apustuaren barruan eta udalerriko sektore estrategikoetako bat sustatzeko bidean.

Aspaldiko urteotan, Getxok aparteko indarra hartu dau nautikea eta belaontziak maite dituenen artean; berez, bertan kokatzen dira Euskadi osoko amarraduren % 20, danetara 1.200. Kirol Portuko zerbitzu eta azpiegituretan estropadalariak ibiliko dira, gizon zein emakume, Getxoko ondare historiko eta kulturala ezagutzeko aukerea izango dabenak, Bizkaia Zubia zein Galeako labarrak.

Nabarmendu behar da Getxo nabegatzaile bakarlari handien habia dala; Vendée Globe izenekoan historia osoan izandako estaduko lau parte-hartzaileetatik bi getxotarrak ziran: Jose Luis de Ugarte eta Unai Basurko; azken horrek zeregin garrantzitsua beteko dau estropada egunetan programautako eta hilebete honetan ezagutarazoko diran jardueretan.

Ander Etxabe getxotarra be, Gos enpresako arduraduna, belea getxotarrei eta bizkaitarrei hurreratzeko eta harrobia sortzeko helburuagaz bat dator, lehiaketearen eta abenturearen artean dagoan estropada mueta honetara estropadalariak etenbarik erakarriz.

Mini Gascogna estropadeak Kirol Portuan egingo dau geldialdia 2021eko eta 2023ko edizinoetan, Getxo estropaden nazinoarteko portu garrantzitsu bihurtuz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu