Basque Teameko 'BAT To Tokio' saioak martxan
2021-04-06 08:20 KirolaAstero emitiduko da ETB 1eko Helmuga saioaren barruan.
Oraintsu estreinau da Akhonmedia etxeak egindako Basque Team Fundazinoaren saioa, piraguistak protagonista dirala. Maialen Chourraut eta Ander Elosegi eslalom piraguistek eta Iñigo Peña, Begoña Lazcano eta Higinio Rivero esprint piraguistek Tokioko Olinpiar eta Paralinpiar Jokoei aurre egiteko izandako zailtasun guztiak zelan gainditu dituen kontetan dabe.
Maialen Chourraut olinpiar txapeldunak Rio de Janeiroko Jokoetan urrezko dominea irabazi ebaneko irudiakaz hasi da saioa. Ziklo olinpikoa gorabeheraz beteta egon da lasartearrarentzat, urrezko dominearen presinoa gainean izan dauela. Hirugarren aldiz podium olinpikora igoteko asmoa dauela azalduko dau gipuzkoarrak.
Eginkizun galanta Ander Elosegik be badau, Jokoetan laugarren aldiz lehiatuko dan lehen euskal herritarra (gizonezkoa) izango baita. Ziklo olinpikoan sortutako dudak gaindituta, Anderrek bere lehen domina olinpikoa irabazi gura dau.
Iñigo Peñak be eskuratu nahi dau: K4-1.000m-tik K2-1.000m-ra aldatzeak, Paco Cubelos taldekideagaz batera, arrakasta ugari emon deutsoz Zumaiakoari olinpiar zikloan; arrakasta horiei amaiera eman nahi die Jokoetan domina bat erdietsita.
Begoña Lazcanok bere lehen sailkapen olinpikoa lortzeko burrukan jarraitzen dau eta Higinio Riverok, piraguismoan bere eskalada istripuaren ondoren bizimodu barria topau ebanak, dagoeneko lortu dau Japoniako hitzordurako txartela, bere lehen Jokoak izango diranetan parte hartzeko.
Tokioko Joko Olinpikoetan eta Paralinpikoetan lehiatzeko burrukatu diran euskal kirolarien ahalegina islatzen da apirileko lehen astegoienetik Euskal Telebistan astero emongo dan erreportaje bilduman. BAT to Tokio programeak BAT To Rio eta BAT To Pyeongchang saioen txandea hartuko dau; horreetan antzeko formuleaagaz aurkeztu ziren udako eta neguko hitzordu olinpikoetan eta paralinpikoetan parte hartu eben euskal kirolariak.
Erreportaje bildumeak ikus-entzunezko istorio handien osogaiak batzen ditu, kirolarien amesak, erronkak eta gainditzeko ilusinoa kontetan baititu. Programeak personen profil hori dau ardatz, ikuslea bere burrukan eta helburuetan inpliketako.
BAT to Tokio astero emitiduko da, domeketan, ETB 1eko Helmuga saioaren barruan. Atal bakotxak 10 minutuko erreportajea izango dau eta, beraz, Olinpiar eta Paralinpiar Jokoak baino hile batzuk lehenago, Japonian lehiatzeko sailkapena lortzeko burrukan ibilitako euskal kirolari asko ezagutzeko aukerea izango dabete ikus-entzuleek.
Akhonmedia produkzino etxearen erreportajeetan irudi ikusgarriakaz disfrutauko dogu eta ikus-entzunezko baliabide modernoenak erabili dituelako.
Basque Team Fundazinoa
Fundazinoa 2007an sortu eben Eusko Jaurlaritzeak eta Euskal Irrati Telebistak (EiTB). Basque Team-en helburua da euskal kirolari ez-profesionalei baliabide ekonomikoak eta era guztietako zerbitzuak emotea (medikuak, teknikoak, psikologikoak, komunikazinokoak, laneratzekoak eta ikasketa-arlokoak), nazinoarteko lehiaketa gorenetan parte hartu eta bikaintasun-emoitzak lortu deiezan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!