Zinebi eta Gizazinearen arteko lankidetzeak 'The rest' dakar Bilbora

Bizkaie! 2021-03-31 10:53   Zinemea

Ai Weiwei artista txinatarraren dokumentala apirilaren 3an ikusi ahal izango dogu.



Caóstica
Alkarteak XI. Gizazinea atondu da martiaren 31tik apirilaren 4ra eta Bilboko Udalak atontzen dauen Zinebi - Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiak bat egin eta The Rest (2019) txinatar-alemaniar dokumental-film luzea eskainiko dabe, gaur egun Europan bizi dan Ai Weiwei artista txinatarrak zuzendua. Saioa apirilaren 3an, zapatuan, izango da, 12:00etan, Bilborock Aretoan. Sartzea doban da leku guztiak bete arte. Gonbidapenak Bilborocken egongo dira eskuragarri.

Film hau Kopenhageko CPH: DOX zinema dokumentalaren jaialdi ospetsuan estreinau eben eta Aik bere Human Flow-en (2017) gogoratuan jorratutako gai bati heldu deutso barriro: errefuxiatuen krisia, artisteak berak holan definiduten dauena: gizakien krisia. Oraingo honetan, tragedia global honetako protagonisten ahotsaren bidez kontautako banakako esperientziak batu ditu. Horretarako, zuzendariak eta haren operadoreek hainbat lekutako errefuxiatuen testigantzak entzun ditue, besteak beste, Greziako Idomeni herrikoak edo gerrearen mehatxuagaitik euren herrialdeetatik iges egiten eben personak hartzeko Turkian hainbat hilebetez jarri ziran herrixka inprobisatuak: Emoitza ilunagoa eta etsiagoa da –esan eban Aiak-. The Rest-en tonuak errefuxiatuek jasoten daben tratuaren aurrean sinisgogortasuna eta arpegirik bako eta indarkeria darabilten agintari europarren salaketea adierazoten ditu, Variety edo Screen Daily lako argitalpenen estreinaldian adierazo eben legez.

Caósticak antolatzen dauen Gizazinea programeak balioetan eta giza eskubideetan oinarritutako hezkuntza eta arte eta ikus-entzunezko sorkuntzea buztartu nahi ditu eta, esangura horretan, gaur egungo gaietara hurreratzea lortu nahi dau, berbarako, bardintasunaren aldeko emakumeen burrukea, aniztasun funtzionala, askatasunik eza edo indarkeria instituzionala, hausnarketea eta tolerantzia sustatzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu