Bilboko ikus-entzunezko eta zinematografiako sektorearen sustapena bultzatzea da asmoa

Bizkaie! 2021-03-31 09:37   Zinemea

Sei proiektuak Azkuna Zentroan ikusi ahal izango dira apirilaren 7an eta 8an.



Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantzako zinegotziagaz eta Vanesa Fernández Zinebiko zuzendariagaz batera, Azkuna Zentroan egindako topaketa bateko buru izan da, Bilboko Sustapenerako Ikus-entzunezkoen Proiektu Poltsa (Ikus-entzunezkoen eta zinematografiaren sektoreari zuzendua Bilbao Aurrera 2020 Planean) irabazi daben proiektuen errealizadoreakaz.

Proiektuen poltsa hori 2020ko garagarrilean jarri eben martxan eta helburuak bi ziran: Bilboko ikus-entzunezkoen eta zinematografiaren sektorearen sustapena bultzatzea eta laguntzea, hainbeste zailtasun izan baititu osasun-krisiaren ondorioz; eta ikus-entzunezko funts bat sortzea uria sustatzen daben lanakaz, uriko kultura eta turismo-aktiboak balioesteko. Esangura horretan, alkateak Udalaren asmoaren barri emon deutse: Ikus-entzunezkoen sektorea eta bere profesionalak babestuta sentidutea gura dogu.

Deialdiko 15 lanen artean aukeratutako sei lanak ondokoak dira: Larraitz Zuazo eta Ane Rotaetxe; Paula Gomez eta Aitane Goñi; Olaia Nogales (Hauazkena); Jon Zurimendi; Lander Ibarretxe; eta Joseba Lopezortega. Bertoko errealizadoreok uriari begiratzeko hainbat modu proponiduten ditue, bai proposamen narratiboak zein poetikoagoak tarteko dirala, danak pandemiaren egungo testuinguruan kokatuak eta inspiratuak.

Hautatutako proposamenen artean, animazinokoak bi dira eta lau dokumentalak; bakotxak 14.000 euroko diru-laguntzea jaso dau.

Ekilibrismoaren artea

Larraitz Zuazo eta Ane Rotaetxeren proiektuak erakusten dau egoera pandemikoan egon arren, artearen eta kulturaren munduko lau persona ezagunek hausnarketa sakona egiten dabela bizi daben egoerearen inguruan. Jon Gerediagaren testuakaz eta jatorrizko musika onenaren Goya saria (Akelarre filmagaitik) jaso dauen Bilboko konpositore Aranzazu Callejaren soinu-bandeagaz batera, Ainhoa Artetxe aktoreak, Gari musikariak, Katixa Agirre idazleak eta Erlea Maneros Zabala artistak be hartu dabe parte.

Harria eta Bidea

Paula Gómez eta Aitane Goñiren Harria eta Bidea lanak erakutsiko deusku Jon Anderrek, Bermeon jaioa eta landa-bizitzara ohitua, Bilbora joan eta uriagaz etxetik hartu-emonetan jartea erabagiko dauela.

Urian ibilteko jarraibideak

Olaia Nogalesena (Hauazkena taldea) animazino-proiektu bat da eta Miren Agur Meaberen poemen zatiak entzuten diran bitartean uria bizitza eta bizikidetza gune glez bisitetako jarraibide barriak proponiduten ditu.

Uri Ibiltaria

Animazinokoa da Jon Zurimendi zinemagilearen film laburra, hizkuntza esperimentala darabilena Bilbon barrena gomuta, bizipen eta istorio handi eta txikien bidez errepresentazino oniriko bat sortzeko, Miren Gaztañagaren off-eko ahotsagaz.

Bilbao etenbako mobimentua

Lander Ibarretxeren dokumental sinfonikoa da eta Bilboren etenbako bilakaeran oinarritzen da, urian antzemoten diran orainari eta etorkizunari begira.

2020: Soinuen uria

Joseba Lopezortegaren lanean, alkarrizketa batzuk dira ardatz Bilboko bizitza musikaleko hainbat protagonistagaz, uriko espazio enblematikoetan eginak eta instrumentista ospetsuen parte-hartze musikalagaz; horreen artean, aitatzekoak dira Arriaga Antzokiko Calixto Bieito zuzendari artistikoa, OLBE Bilbao Operako Cesidio Niño zuzendari artistikoa, Bilboko Koral Alkarteko zuzendari nagusi Iñigo Alberdi eta Juan Crisostomo Arriaga Konserbatorioko zuzendari Maite Aurrekoetxea.

Programazinoa

Film guztiak euskerazko jatorrizko bersinoan ikusi ahal izango dira, gaztelaniazko azpitituluakaz.

Apirilak 7, 19:00etan: "Hiri ibiltaria", Jon Zurimendirena; "Bilbao Mugimendu Etengabea", Lander Ibarretxerena; eta "2020: Soinuen hiria", Joseba Lopezortegarena.

Apirilak 8, 19:00etan: "Harria eta bidea", Paula Gómez eta Aitane Goñirena; "Hirian ibiltzeko jarraibideak", Olaia Nogalesena (Hauazkena taldea); eta "Ekilibrismoaren artea" (60 min), Larraitz Zuazo eta Ane Rotaetxerena.

Sarrerak AZ Inforen erosi ahal izango dira 4 euroko prezioan publiko orokorrarentzat; 3 euro ikasleentzat, 65 urtetik gorakoentzat eta AZ txartela dabenentzat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu