AEK-ri babesa agertu deutse 80 herritan

Bizkaie! 2021-03-29 07:53   Euskerea berbagai

22. Korrika datorren urteko martiaren 31tik apirilaren 10era egingo dabe.

Osasun egoerea normala izan balitz, atzo amaituko zan 22. Korrika, hamar egunez Euskal Herriko txoko guztiak zeharkatu eta gero. Zoritxarrez, baina, pandemiagaitik bertan behera itxi behar izan dau AEK-k euskerearen aldeko ekitaldi erraldoia. Horregaitik, euskaltzaleek babesa agertu deutse AEK-ri, 80 herri baino gehiagotan egindako ekitaldi txikietan. Danetara, milazak herritar batu ditue topaketok, 22. Korrika amaitu behar zan momentuan bertan, atzo, domekea, 12:00etan.

Gaur egungo osasun arauetara egokitutako ekitaldiak izan dira, Bultza euskaltegiak, bultza euskara! lemapean (irakurri mezua hemen). AEK-k azaldu dauenez, Korrika atzeratu egin dabe, baina ez bertan behera itxi. Izan be, orain dala 40 urte jaio zan idea zoroa oraindino beharrezkoa dala uste dabe antolatzaileek.

Dagoeneko lanean dabiz 22. Korrika datorren urtean egiteko. Data zehatzak be emon ditue: 2022ko martiaren 31tik apirilaren 10era. 22. Korrika inoiz baino beharrezkoagoa izango da, guztion bultzadea beharko dogu, nabarmendu dau AEK-k. 

Euskaltegiak orain dala mende erdi sortu ziran arren, oraindino behar-beharrezkoak dirala azpimarratu dabe ekitaldiotan, Euskal Herriko biztanleen % 55 erdaldunak diralako. Pandemiak eragindako oztopoen ganetik, klaseak emoten segidu dau AEK-k, kasu askotan online. 

Dana dala, 22. Korrika aurten egin ez izanak zuloa itxi dau AEK-ren diru-kontuetan, eta, beraz, gizartean beteten dauen zeregina aurrera eroateko eragile guztien babesa beharko dauela adierazo dau. Batetik, Bultza euskaltegiak, bultza euskara! kanpainearen bidez, herritarrek ekarpenak egin leikiez, hainbat bidetatik. Bestetik, EAEko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko erakunde publiko nagusiei dei egin deutse euskalduntze-mobimendua babestu deien.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu