Arantzazu Calleja, Nerea Torrijos eta David Perez Sañudo bilbotarrei autortzea egin deutse

Bizkaie! 2021-03-24 08:19   Zinemea

Mursego, Maite Arroitajauregi eibartarra be saritua izan da.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak udaletxean egin deutse harrerea azken galan Goya saria irabazi daben bilbotarrei: Nerea Torrijos diseinatzailea, David Pérez Sañudo zuzendaria eta Aranzazu Calleja konpositorea; azken hori bere lankideagaz egon da hitzorduan, bera be saritua izan baita: Maite Arroitajauregi eibartarra, Mursego izenez ezagunagoa dana.

Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantza zinegotzia, Xabier Ochandiano Ekonomiaren Garapen, Merkataritza eta Enpleguko zinegotzia eta Vanesa Fernandez Zinebiko zuzendaria lagun zituala, alkateak profesional horreek zoriondu ditu bilbotar guztien izenean. Gainera, eskerrak emon deutsee, Bizkaiko uriburuaren eta euskal kulturearen enbaxadore izateagaitik eta zinemearen munduan sartu gura daben emakume bilbotar gazteentzat adibide izateagaitik.

Aranzazu Callejak eta Maite Arroitajauregik Jatorrizko Musika Onenaren Goya jaso eben Akelarre filmerako egindako lanagaitik. Bestalde, Nerea Torrijosek Jantzien Diseinu Onenaren saria eskuratu eban film berean.

Goya sarien 35. edizinoan, Pablo Agüerok zuzendutako Akelarre filma izan zan sarituena, 9 izendapenetatik 5 irabazi baitzituan. Filma drama historiko bat da, oso-osorik Euskal Herrian filmautakoa, Iparraldean nahiz Hegoaldean eta XVII. mendeko sorginen gaia jorratzen dau.

Calleja eta Torrijosegaz batera, Goya sarian azken galan, David Perez Sañudo zuzendari bilbotarrak be sarietako bat irabazi eban, Moldatutako Gidoi Onenarena, Euskadin eta euskera hutsean filmautako Ane lanagaitik. Ez ahaztu, Jone Laspiur donostiarrak Aktore Barri Onenaren Goya irabazi ebala Ane filman egindako lanagaitik.

Alkateak, 2021eko Goya sarien irabazleen albistea jakin ebanean, banan-banan deitu eutsen bilbotar sarituei, zorionak emoteko eta batzar baterako hitzordua proponiduteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu