1958an Athleticek jokatu eban kopako finalerako egindako Txapela Balmasedan dago
2021-03-23 08:15 KirolaLa Encartada Fabrika Museoan dago ikusgai.
La Encartada Fabrika-Museoak fabrikako langile ohi batek, Loli Bringas Urraburuk, Athletic Clubek -orduan Atletico Bilbao zanak- Real Madrilen kontra 1958an jokatu eban kopako finalerako egindako txapela jarri dau ikusgai; final horri hamaika baserritarrena esaten jako. Jatorrizko txapela La Encartada Fabrika-Museoari laga jako gordailuan, 2021eko martiaren 22tik maiatzaren 18ra, Museoen Nazinoarteko Eguna ospatzen dan egunera arte.
Lorea Bilbaok, BFAko Euskera, Kultura eta Kirol diputaduak aurkeztu dau La Encartada Fabrika-Museoan txapela erakusten dauen erakusketea. Diputatuak adierazo dauenez, Lolik gure ondarearen iraganera hurreratzen lagundu deusku bere eskuakaz egin eban kolore biko txapelaren bitartez, hau da, Athleticen 1958. urteko garaipena zuzenean ikusi eban txapela hemen ikusgai jarriz, txapela zuri-gorri bat baino askoz be gehiago eskainiko deusku La Enkartada Fabrika-Museoak. Aurkezpenean, Loli Bringas Urraburu, txapela egin eban La Encartadako langile ohia eta, Athleticen izenean, Mikel Martínez presidenteordea, Goyo Arbizu zuzendaritzako kidea, Andoni Goikoetxea jokalari ohia eta Manolo Delgado prestatzaile fisiko ohia izan dira.
Piezearen eta bere erakusketearen izakerea berezia dala eta Athletic Fundazinoak 1958ko finalean irabazitako kopa originala itxi dau inaugurazinorako.
Txapela
1958an, Athletic Club taldea Kopako finalerako sailkatu zan egunetan, Loli Bringas Urraburuk txapel oso berezi bi egin zituan bere mutil-laguna zan Goyo Tuerosentzat eta bere koinatu Antonino Hospitalentzat, finalera joateko ustea ebelako. La Encartadak Goyok soinean eroan eban zuen txapela erakusten dau gaurtik aurrera, hain zuzen be, Lolik 2006an La Encartada Fabrika-Museoan gordailutzan itxi ebana.
Piezea egiteko Lolik txapel bi ebagi zituan erditik: bata gordin kolorekoa eta bestea gorri bizikoa. Kontu handiz erdi bi horreek La Encartadako akabera-tailerrean lotu zituan, kolore biko txortenagaz. Errematertzat, armarria txapelean josteko, Lolik Gerra Zibila baino lehenagoko etiketa zahar bat hartu eta kontu handiz josi eban aurreko aldean.
Ezkutu honek Athletic Club (AC) taldearen izen historikoa erreproduziduten dau beheko kuartelaren gainean, kirol izenetan atzerriko berbak erabilteko debekua indarrean egonean eta 1941etik Bilboko taldea ofizialki Atlético de Bilbao zanean; izen hori ez eban 1972ra arte berreskuratu.
Partidua
1958ko Generalísimoaren Futbol Kopa Espainiako Txapelketearen 54. edizinoa izan zan. Bilboko Athleticek eta Real Madrilen arteko partida irabaziz Athletic Clubek bere hogeigarren titulua ekarri eban etxera, madrildarrei bi eta zero irabazi ondoren.
Partiduak baserritarren finala ezizena jaso eban. Finala Santiago Bernabeu estadioan jokatu eban talde titularra honako honeek osotu eben: Carmelo Cedrún, José María Orúe, Jesús Garay, Nicanor Sagarduy Canito, Mauricio Ugartemendia Mauri, Manuel Etura, José Luis Artetxe, Koldo Aguirre, Eneko Arieta (partiduko lehen golaren egilea 20. minutuan), Ignacio Uribe eta Agustín Piru Gaínza; entrenatzailea Baltasar Albéniz izan zan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!