Ainhoa Hernandez bizkaitarrak Tokioko Jokoetarako txartela lortu dau

Bizkaie! 2021-03-22 08:25   Kirola

2012an, Eli Pinedo, Patricia Elorza eta Nely Carla Albertok brontzea irabazi eben Londresen.

Ainhoa Hernandez | Ikusi handiago | Argazki originala



Basque Team
eko Ainhoa Hernandez eskubaloi jokalaria bere bigarren Jokoetara joango da (2016ko Rion izan zan) Japoniako hitzordurako azken deialdian sartzen bada. Ohikoa da Carlos Viverren deialdietan, eta hori dala eta, leitekeana da hitzordu handian be holan izatea.

Espainiak nazinoarteko txapelketa nagusirako txartela ziurtatu dau Llirian, astegoien honetan jokatutako olinpiada aurrekoan. Jokoan plaza bi egozan hiru talderen artean banatzeko: Suedia, Argentina eta Espainia. Suediak lehen txartela lortu eban atzo Argentinari 34-21 irabazita. Talde argentinarrari asko kostau jakon bere abiaduragatik nabarmentzen dan Suediako defentsan zirrikiturik txikiena topetea. Eskandinaviarrek lehen partidan erakutsi eben Espainiagaz 28na amaituta.

Suediarrakaz bardindu izanak Viverrenak Tokiora hurreratu zituan, baina Argentinaren kontrako norgehiagokan pasea lortu dabe; partidu gogorra izan da eta atsedenaldirako ondo bideratuta itxi eben partidua, bederatzi goleko aldeagaz. Bigarren zatian, neurketeak bardin antzean jarraitu dau eta Ainhoa Hernandezen taldeak, Zoqbi atezainaren lan bikaina tarteko, abantailea handitu eta 31-16 izan da azken emoitzea.

Gauzak holan dirala, Espainiak bosgarren presentzia olinpikoa lortu dau, hirugarrena jarraian eta Tokion beste domina bat lortzeko lehiatuko da, 2012an Londresen brontzea irabazi ostean. Orduan, Eli Pinedo, Patricia Elorza eta Nely Carla Alberto euskaldunak podiumeko hirugarren lekura igon eben.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu