Maddi Barberrek irabazi dau XIV. Huhezinema Saria

Bizkaie! 2021-03-22 07:53   Zinemea

Sail Ofizialeko hamar pelikulen artean, Gorria aukeratu dau epaimahaiak.

Huhezinema sariak emoteko ekitaldia: Ikusleen Saria Paul Urkijorentzat (argazkia: Huhezinema) | Ikusi handiago | Argazki originala

Aretxabaletako Arkupe kultur etxean egin dabe XIV. Huhezinema, euskerazko ikus-entzunezkoen jaialdia. Hamar film ikusi ahal izan dira Sail Ofizialean, eta beste hamaika lehiatu dira MUko ikasleen atalean. Antolatzaileek azken eguna aprobetxau dabe saritu guztien barri emoteko. Aurtengo palmaresaren goialdean Maddi Barberren Gorria ipini dau epaimahaiak, euskerazko pelikularik onena izan dala eretxita. 800 euro emon deutsez.

Komediarik onenaren saria, 300 eurokoa, sortu dabe edizino honetan, eta Aitor Arrutik irabazi dau, Datsegit izeneko lanari esker. Vertigo Saria, 400 eurokoa, Xabier Larrazabalen Maite-ri emon deutse. Mundukidek Giza Eskubideak eta Justizia Sozialaren gaia ondoen txertatu dauen film laburrari 700€ emon deutsaz, kasu honetan Iker Esteibarlandaren Before I Die-ri. Ikusleen saria Dar-Dar filmak jaso dau, 300 euro; Paul Urkijo zinemagile arabar ezaguna da egilea.

MUko ikasleen atalean be makina bat sari banatu ditu Huhezinemak. Fikzinozko lanik onenaren saria Xabier Vallinarentzat izan da, Ilunabarrean esan film laburragaitik. Naia Aizpurua Garroren Deia izan da dokumentalik onena. Ganera, honek argazki onenaren saria be irabazi dau. Ikusleen Saria Maria Garmendiaren Ilunean argia-k eskuratu dau, eta epaimahaiak aitamen berezia egin deutso Ane Cuestaren 12 minutu-ri. 

Sariak emoteaz gan, XIV. Huhezinemako azken eguna jardueraz beterik egon da. IXA websailaren sortzaileek masterclass-a emon dabe, ikus-entzunezko bertikal bat zelan egiten dan erakusteko. Ondoren, Sail Ofizialeko filmak bata bestearen atzetik proiektau ditue, zuzendarien azalpen eta guzti. Aurten be, QR kodeen bidezko botoa emon ahal izan dabe ikusleek. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu