Oscarretarako hamar izendapen ditu 'Mank'-ek

Bizkaie! 2021-03-16 08:49   Zinemea

Apirilaren 25ean egingo dabe sariak emoteko ekitaldia.

Amanda Seyfried eta Gary Oldman, 'Mank' filmean. | Ikusi handiago | Argazki originala

Zinemagintzearen historiako klasiko baten atzeko giroa agertzen dau David Fincherren Mank filmak, eta bera be historian lekua egiteko bidean da. Izan be, 2021eko Oscar Sarien izendapenen zerrendan goi-goian agiri da, hamar hautagaitzagaz. Tartean, urteko pelikularik onenaren atalean.

Herman Mankiewitz gidoilariak 1940ko hamarkadearen hasieran bizi izan zituan gorabeherak kontetan ditu Mank-ek. Orson Wellesek zuzendutako Citizen Kane klasiko handiaren gidoilaria izan zan Mankiewicz, eta, hain zuzen, film ha sortzeko prozesua erakusten dau gaur egungo filmak. Citizen Kane-k Oscar bakarra irabazi eban, gidoirik onenarena, eta, bitxia bada be, Mank-en hamar izendapenen artean ez dago atal horretakoa.

Film onenaren Oscarra irabazteko beste hautagaiak honeek dira: Nomadland, The Trial of the Chicago 7, The Father, Judas and the Black Messiah, Minari, Promising Young Woman eta Sound of Metal. Horreek dira izendapen gehien pilotu dituen filmak (seina), Mank-en atzetik. Bat nabarmentzekotan, Nomadland izan leiteke aurtengo Oscarretako faborito nagusietako bat, Urrezko Globoetan eta Venezian izan eban harrerea ikusita. 

Zuzendari onenaren atalean barriro agiri dira Nomadland (Chloe Zhao), Mank (David Fincher),  Minari (Lee Isaac Chung) eta Promising Young Woman (Emerald Fennell). Eurakaz batera, atal horretako hautagai da Another Round zuzendu dauen Thomas Vinterberg. 

Aktoreen kategorietan, emakumeen atalean, honeek dira hautagaiak: Frances McDormand (Nomadland), Carey Mulligan (Promising Young Woman), Viola Davis (Ma Rainey's Black Bottom), Andra Day (The United States vs Billie Holiday) eta Vanessa Kirby (Pieces of a Woman). Gizonetan, honeek aukeratu ditu Hollywoodeko Akademiak: Chadwick Boseman (Rainey’s Black Bottom), Riz Ahmed (Sound of Metal), Anthony Hopkins (The Father), Gary Oldman (Mank) eta Steven Yeun (Minari).

Bigarren mailako aktoreen artean be zerrenda luzea dago. Emakumezkoetan, Maria Bakalova (Borat), Glenn Close (Hillbilly Elegy), Olivia Coleman (The Father), Amanda Seyfried (Mank) eta Yuh-Jung Youn (Minari). Gizonezkoetan, Sacha Baron Cohen (The Trial of the Chicago 7), Daniel Kaluuya (Judas and the Black Messiah), Leslie Odom Jr. (One night in Miami…), Paul Raci (Sound of Metal) eta Lakeith Stanfield (Judas and the Black Messiah).

Atzerriko film onenaren sailean, Danimarkako Another Round aitatu behar da, zuzendari onenaren kategorian be hautagai dalako Thomas Vinterberg. Besteak Better Days (Hong Kong), Collective (Errumania), The man who sold his skin (Tunisia) eta Quo vadis, Aida (Bosnia-Herzegovina) dira.

Animazinozko pelikulei jagokenez, honeek dira hautagaiak: Onward; Over the Moon; A Shaun The Sheep Movie: Farmaggedon; Soul; eta Wolfwalkers

Izendapen guztien zerrendea ikusita, zinemea zabaldu eta ikusteko jokera barrien indarra agirian geratzen da, izan be, Netflix plataformeak bultzatutako film guztien artean 35 izendapen ditue. Tartean dago Mank, aurtengo faborito nagusia. Halandabe, MGMk 1937an lortutako errekorra urrun dabe plataformek. 

Kontuak kontu, ohi baino gehiago itxaron beharko dogu Oscar Sarietako irabazleak ezagutzeko, zezeilean barik, apirilaren 25ean egingo dabelako galea, Los Angelesen. Covid-19agaitik, filmak aurkeztu ahal izateko epea luzatu dabe, eta, ondorioz, sariak emoteko eguna be pare bat hile atzeratuta dator. 

Kategoria guztietako izendapenak hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu