Clara Rus, Maddi Barber eta Nagore Eceiza aukeratu ditue III. Noka Mentoring-en

Bizkaie! 2021-03-16 07:50   Zinemea

35 proiektu aurkeztu dira, 2020an baino % 52 gehiago.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Tabakalerak Noka Mentoring programearen deialdia ebatzi dabe oraintsu. Euskal emakume zinemagileei zuzendutako ekimena da eta zinemearen sektorean duten presentzia eta ikusgarritasuna sustatzea dau helburu.

Hirugarren edizino honetan, Tabakalerak beregan hartu dau proiektuaren antolaketea eta zinemearen eta ikus-entzunezkoen arloko garapen-programetan zein Donostiako Zinemaldiagaz (SSIFF), Euskadiko Filmategiagaz eta Elias Querejeta Zinema Eskoleagaz (EQZE) batera parte hartzen dauen sare instituzional eta profesionalean integrau dau.

Noka Mentoringek Clara Rus, Maddi Barber eta Nagore Eceiza hautatutako hiru zuzendariei denporea, espazioa, testuingurua eta laguntasun profesionala eskainiko deutsee euren filmeen lehen fasean, bai eta zuzendaritzeari buruzko dosier bat egiteko momentuan be, parte-hartzaileek zinemagintzearen arloko beste laguntza batzuk eskuratu ahal izan deiezan, bai Eusko Jaurlaritzearenak, ICAAkoak (Kultura Ministerioaren Zinema eta Ikus-entzunezkoen Institutua), bai nazinoarteko zinema-industriako foro profesionalenak be.

Nazinoarteko tutoretzak

Prozesu osoan hiru tutorek parte hartuko dabe, Mar Coll, Celia Rico eta Diana Toucedo eta hautatutako hiru proiektuen jarraipena egingo dabe: Maddi Barber-en "Claros del bosque", Nagore Eceizaren "If you wish to make an apple pie" eta Clara Rus-en "Las tablas". Mentoringak alderdi bi izango ditu ardatz: batetik, film bat lantzeko prozesurea sormenetik hurreratzea eta, bestetik, proiektu horreek zinemearen merkatuan eta industrian txertatzeko eta trebatzeko beharrezkoak diran moduluak.

Hautatutako hiru zuzendariak Noka Mentoringek eskainitako programan parte hartzeko eta proiektuak ahalik eta baldintza onenetan jorratzeko, horreetako bakotxak 4.000 euroko laguntza ekonomikoa jasoko dau.

Hautaketa batzordean dagoz Maialen Beloki Donostia Zinemaldiaren (SSIFF) ordezkaria; Carlos Muguiro EQZEko zuzendaria eta Lur Olaizola Tabakalerako zinema eta ikus-entzunezkoen arloko koordinatzailea.

Proiektuak prest egon beharko dabe Tabakalerak, Donostia Zinemaldiak (SSIFF) eta Elias Querejeta Zinema Eskoleak (EQZE) atontzen daben Ikusmira Barriak proiektu zinematografikoak lantzeko egoitza artistikoen deialdira aurkezteko. Noka Mentoring programa honen helburuetako bat da hiru proiektuak deialdi honetara baldintza onenetan aurkeztu ahal izateko preparetea. Igaz Marina Palaciok parte hartu eban, Noka Mentoring 2020k hautatutako zinemagileetako batek.

Tabakalera, zinema-ekosistemea

Noka Mentoring dagoeneko aktibautako sare profesional eta formatiboan sartuko da, Tabakaleran zinemagintzan dabizen erakundeek konpartidutako programen bidez. Egunez egun eta alkarregaz, zinemeagaitik eta zinemarako lan egiten dauen testuinguru profesional hori da Noka Mentoring programeak beste programa batzuekaz konparauta dauen balio bereizgarri handiena.

Aukeratutako zuzendariek Tabakalerako ekosistemearen lan sistema integratua erabili ahal izango dabe, sortzen dagoan talentu zinematografikoaren alde egiten dauelako. Horrenbestez, aukeratutako hiru zuzendariek doban izango dabe Tabakalerako pantailea eta EQZEko zuzendaritza akademikoagaz batuko dira, beren proiektuen eta eskolako egutegien arabera, Noka Mentoring prozesuan zinema eskolan egingo diran tailer eta eskoletako batzuetara gonbidatutako ikasle lez joateko aukerea aztertzeko. Horregaz batera, industriako akreditazino profesional bat izango dabe Donostia Zinemaldiaren 2021eko edizinorako eta, beraz, Jaialdira eta haren industria-arlora joan ahal izateko esperientzia hori prestakuntza eta laguntza-jarduera lez txertatuko da programan.


Maddi Barber

Ikus-entzunezko Komunikazinoan graduau zan eta Ikusizko Antropologiako masterra egin eban Manchesterreko Unibersidadean. Bere lanak Visions du Réel, Donostia (Zabaltegi), Ji.hlava, Porto Post Doc Curtocircuito, Zinebi eta Las Palmas jaialdietan ikusi ahal izan dira, besteak beste. 2019an Pirenaika produkzino etxea sortu eta bere lanak produzidu ditu, baita Ainhoa Gutierrez (Medvedek), Gerard Ortin (Reserve) eta Irati Gorostidiren (Unicornio) film laburrak be. Barberren azken lana, Gorria, Punto de Vista jaialdiko X FILMS proiektuaren irabazlea izan zan eta Documenta Madrid jaialdian epaimahaiaren sari berezia jaso dau.

Clara Rus

Zinemagilea eta koloristea da. ESCACen graduau zan film bi laburrakaz: Sara Fantovaren No me despertéis (Donostia, Rotterdam, Seminci, Alcine) eta Celia Giraldoren Te busco en todos (D'A, Seminci). La filla d 'algu y de Nacho no conduce film luze kolektiboaren zuzendari laguntzailea izan zan, biak be Malagako jaialdian sarituak. 2018an, Elias Querejeta Zinema Eskolearen (EQZE) lehen promozinoan sartu zan, zinematografiako komisarioaren graduondokoan. Bertan, Zinemaldia 70 ikerketa-taldeko kide da: Z70 historia posible guztiak, EQZEk eta Donostiako Zinemaldiak bultzatua. Azken horretatik sortu zan zuzendaritzan egin eban lehen lana ¿Cuáles son nuestros años?

Nagore Eceiza

Donostian jaio zan eta 2008tik bizi da bertan. Marketinean, Publizidadean eta RRPPn lizentziaduna, Egile-dokumentalean masterra egin eban Bartzelonako Zinema Behatokian. Ikastaro osogarriak egin ditu honako honeekaz: Mercedes Álvarez, Jorge Gil Munárriz, Michel Gaztambide, Warren Eagles, Flavio García, Koldo Almandoz eta Leire Apellaniz, besteak beste. Eceizak 2013tik produkzino/zuzendari/editore/JDB moduan egiten dau lan El Santo Films-en izenpean, komunikazino-agentzia, GKE, enpresa eta beste bezero batzuentzako. Zazpi urtez Donostia Zinemaldiaren Giza Baliabideen arloan egin dau lan eta beste bi Montrealgo Festivalissimo zinema jaialdiko hautatzaile lanetan. Oso identifikauta dago dokumentu-genero sozialagaz; hori oinarri, Parisen, Aljerian, Israelen, Etiopian, Angolan, Mozambiken, Mexikon, Indina eta Puerto Ricon landutako zinema-produkzinoetan parte hartu dau. Orain arte hiru dokumental labur zuzendu eta produzidu ditu: Después de María (2019) Fifty Rupees Only (2016) eta Larre Motzean (2015).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu