Sebastian Alvarok jasoko dau aurtengo WOP Saria

Bizkaie! 2021-03-11 08:12   Zinemea

Bilbon, abenduaren 3tik 12ra egingo dan jaialdian emongo jako saria.

Sebastian Alvaro Sebas | Ikusi handiago | Argazki originala

Alpinismoaren balioen aldeko saria da eta WOP Fundazinoak 8. urtez jarraian emoten dau, Mendifilmen. Ohore bat da guretzat sari honegaz Sebastian Alvaro Sebas aintzatestea, besteak beste, ahaleginaren balioak, oztopoak eta mugak gainditzea, konpromisoa, alkartasuna, benetakotasuna eta taldearen balioa defendiduteagaitik eta amesen bilaketa nekaezinagaitik, nabarmendu dau Mikel Renteria WOPeko zuzendari nagusiak.

Kazetaria, errealizadorea eta alpinistea da eta Al filo de lo Imposible telebista saio ezagunaren sortzaile eta zuzendaria. Dokumental sail horrek abenturearen eta alpinismoaren ikuskerea aldatu eban Espainian. Hainbat hamarkadatan zehar, taldeagaz lekurik eder, ezkutu eta esplorau bako batzuk bisitau zituan. 200 espedizino, 300 dokumental baino gehiago... Munduko leku magikoenetera gehien bidaiatu dauen personetako bat da. Mendizaletasunetik eta esplorazinotik, Sebastian Alvarok balio hezitzaileak nabarmentzen ditu beti, ahalegina, erronkak gainditzea eta talde-lana.

Madrilen jaioa (1950eko azaroaren 23an) eta mendizaletasunari buruzko ia 20 libururen egilea, azken 40 urteetan zehar, Sebas izan da eta da, alpinismoari lotutako balioen dibulgatzaile nagusietako bat, bizi-eskola legez ulertuta. Era berean, alpinista handienetako askoren bizitza markau daben hamaika abentura eta espedizino posible egin ditu. Bikain kontautako abentura horreek inspirazino iturri be izan dira eta horreen bidez emozinoa, abenturea eta naturearen altzoan dogun lekua ikusarazo deuskue belaunaldi askotako seme-alaboi.

Eta hori guztia, ingurumenagaz konprometidutako begiradeagaz. Sebas-ek, balio inspiratzaile horreetan oinarrituta, talde-sokadako kide garela sentiarazo deusku urte askotan. Horregaitik guztiagaitik, hunkitu egiten gaitu eta harro gagoz Sebastián Álvaro jaunari alpinismoaren balio sozialen alde eta transmisinoan eginiko lanaren autortzan WOP Fundazioa Saria emoteagaz aurtengo BBK Mendifilm Bilbao-Bizkaia jaialdian, Renteriak azpimarratu dauenez.

WOP SARIA - Mendi Film

2020 - 
Baltistan Fundazinoa.

2019 - Nives Meroi e Romano Benet.

2018 - 
Juanjo San Sebastian .

2017 -
 Peter Habeler. 

2016 - Sir Chris Bonington .

2015 - Josep Manuel Anglada .

2014 -
 Drawn film, Jeremy Collins.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu