Miren Asiain Lorak egin dau Euskal Herriko Itzuliaren kartela
2021-03-10 13:54 Kirola2020ko Euskadi Saria irabazi eban artista nafarrak.
Gerra Zibilaren aurretik datorren tradizinoari eutsita, artista ezagun bati eskatu deutse 2021eko Euskal Herriko Txirrindulari Itzuliaren kartela egiteko. Bilbon, Artxibo Historikoan aurkeztu dabe Miren Asiain Loraren diseinua, aurtengo lasterketea hasteko hilebete eskas falta dala. Hantxe izan dira, artisteagaz batera, Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria eta Itzuliaren antolatzaile Julian Eraso.
Miren Asiain Lorak zera adierazo dau: idea garatzen hasi nintzanean, paisajean eta txirrindulariakan pentsau neban. Gustau jatan gai horreei biei protagonismoa emotea eta giro berezia eban irudi bat sortzea. Prozesuan aurrera egin ahala, txirrindulariek paisajeagaz berbetan balegoz lez, irudia sortzen joan nintzan.
Historia luzea dau Euskal Herriko Itzuliak, eta hasierako urteetan, Gerra Zibilaren aurretik, ohikoa zan orduko artista ezagunek egitea lasterketearen kartela. Benetako artelanak dira, eta batzuk Bilboko Arte Eder Museoan daukiez gordeta.
Gero, ohitura hori galdu egin zan, harik eta 2019ko edizinorako berreskuratu zan arte. Gaur egun, aurreko urteko Ilustrazinoko Euskadi Saria irabazi dauenari egiten jako enkargua. Ondorioz, Yolanda Mosquera eta Asisko Urmeneta izan ziran 2019ko eta 2020ko edizinoetako egileak, hurranez hurran.
2020ko Euskadi Saria Miren Asiainek irabazi eban, Un millón de ostras en lo alto de la montaña lanari esker, eta hari eskatu deutse aurtengo Itzuliaren kartela. Lehenago be sariak jasotakoa da artista nafarra, esate baterako, 2012ko Etxepare Saria eta 2015eko Ilustrazinoko VI. Katalogo Iberoamerikarraren Saria. Erakusketak egin ditu Txinan, Japonian, Korean, Italian, Espainian, Argentinan, Mexikon eta New Yorken.
2021eko Euskal Herriko Itzulia apirilaren 5etik 10era jokatuko da, Bilbon hasi eta Arrateko ganean amaituta. Sei etapa eta ia 800 kilometro bete beharko ditue pelotoi profesionaleko txirrindulariek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako errepideetan. Osasun-egoerearen eraginez, aurten Itzulia ez da Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian sartuko; ganera, publikorik ez da egongo bide ertzean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!