Punto de Vista jaialdiko Sail Ofizialean 32 film lehiatuko dira

Bizkaie! 2021-03-10 12:09   Zinemea

Ez diran gutunak be badira proiektu kolektiboa da aurtengo beste barritasunetako bat.

Punto de Vistaren aurkezpena, Iruñean (argazkia: Nafarroako Gobernua) | Ikusi handiago | Argazki originala

Nafarroako Zinema Dokumentaleko Jaialdiak, Punto de Vistak, 2021eko edizinoaren nondik norakoak emon ditu jakitera. Rebeca Esnaola Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol kontseilariak, Garbiñe Ortega jaialdiko zuzendari artistikoak eta Teresa Morales de Álava zuzendari exekutiboak emon ditue azalpenak. Egitarau bete-betea agindu dabe martiaren 15etik 20rako egunetarako. Iruñea izango da egoitza nagusia, baina programazinoaren zati bat telematikoa izango da. 

Sail Ofizialari jagokonez, mundu zabaleko zinemagintza dokumentalaren azken jokerak ezagutzeko moduko egitarau zabala atondu dabe. 32 pelikula lehiatuko dira, hamar programatan antolatuta. Danetariko gaiak jorratzen ditue Sail Ofizialeko lanetan: egunerokotasuna, paisajeak, psiko-geografiak, historia, genero indarkeria eta musika esperimentaleko konpositoreak, besteak beste.

Iruñean izango dira, esate baterako, Courtney Stephensek eta Pacho Vélezek zuzendutako The American Sector film luzea, Berlinaletik datorren The Works and Days (of Tayoko Shiojiri in the Shiotani Basin) eta Jorge Moneo Quintanaren In Ictu Oculi begiak hesteko artean.

Lehia ofizialetik kanpo, atzera begirakoak eskainiko jakez Amos Vogel kuradoreari eta Nancy Holt artisteari. Dokbiziak sailean, jatorri eta estilo ugaritako zuzendarien lana ezagutu ahal izango dogu: Lois Patiño, C.W. Winter, María Salgado, Vera Mantero, Xabier Erkizia, Fermín Jiménez Landa, Oier Etxeberria, Sam Green eta abar. Punto de Vista Labs espazioan, jakintzak eta sorkuntza kolektiboa konpartiduko ditue. Foku garaikideetan izango dira Robert Fenzen 16 mm-ko lanen proiekzinoak, Pedro G. Romeroren Nueve Sevillas filma, Nicholas Zembashi ikertzaileagaz saioa eta Lawrence Abu Hamdan soinu artisteagaz topaketea.

Lehenengo egunean, martiaren 15ean, Dardara filma estreinauko dau Marina Lameirok, Berri Txarrak taldearen azken birearen inguruan eregitako dokumentala. Lameirok berak, Gorka Urbizuk eta Garbiñe Ortegak berbaldi baten hartuko dabe parte, ganera. 

Jaialdiaren amaierarako, ostera, Ez diran gutunak be badira proiektu kolektiboaren aurkezpena gorde dabe. Hainbat zinemagilek ikus-entzunezko gutun bana idatzi deutse beste zinemagile ezagun batzuei, jatorri eta erreferente aldetik urrun sentiduten dituenei hain zuzen. Gutun horreek guztiak batuz sortu dan film kolektiboa proiektauko dabe Punto de Vistako amaiera ekitaldian. Proiektuan hartu dabe parte Beatrice Gibson, Nicolás Pereda, Deborah Stratman, Lynne Sachs, Raya Martin, Jessica Sarah Rinland, Alejo Moguillansky eta Diana Toucedok.

Nafarroagaz lotura sendoa dauen jaialdia da Punto de Vista. 2021eko edizino honetan be, egoitzatzat dauen lurraldea protagonista izango da film eta jarduera askotan. Lehen aitatutako Berri Txarrak talde nafarraz gan, Napardocs saila eta Alberto Graciaren Tengan cuidado ahí fuera filmaren estreinaldia dagoz egitarauan.

Egunez eguneko programazinoa hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu