'Txango' proiektuak eroan dau Mendi Film Bizkaia Ternua lehenengo Bekea
2021-03-02 12:52 ZinemeaTamara Lucarinik aurkeztutako proiektua izan da hautatua.
Mendi Filmek, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Ternua Group-ek, Mendiko Kulturaren inguruko zinemagintzea sustatzeko asmoz sortutako Bekearen lehen deialdian Tamara Lucarini egileak aurkeztutako Txango proiektua izan da hautatua. 10.000 euroko balioa dauen Bekea jasoko dau, aurten bertan, 2021ean, proiektua landu eta aurkezteko.
Txango filma 2021eko abenduaren 3tik 12ra egingo dan BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia mendiko zinema jaialdian estreinauko da jentaurrean.
Deialdiko oinarrietan ezarritako baldintzak betetzen dituen 13 proiektu aurkeztu dira eta horreek aztertu eta epaitzeko, bost laguneko lan taldea batu da: Lara Izagirre, zinemagilea; Alberto Iñurrategi, mendizalea; Itziar Garcia, zinema produktorea; Aitor Gisasola, zinemagilea eta ikusentzunezko irakaslea; eta Jabier Baraiazarra, Mendi Film Alkarteko zuzendaria.
Mendi Film Bizkaia Ternua Bekaren lehen deialdi honetako erantzuna oso ona izan dala autortu dabe antolatzaileek bai kopuruan zein proiektuen kalidadean be.
2022ko Bekearen deialdira begira arrasto oparoa zabaldu dalakoan, bat datoz balorazino horregaz Bekearen eragileak, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera, Kultura eta Kirol saila, Ternua Group outdoor erropa enpresea eta Mendi Film Festival Alkartea.
Mendi Tour
BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdiko mendiko film onenak erakusten dituan Mendi Tour zikloak inspirazinoz betetako haize bolada indartsua ekarri dau Euskal Herrira, izan be, Donostia, Iruña, Gasteiz, Zangoza, Leioa eta Eskoriatzan sarrerak agortzeraino bete dira aretoak.
Hitzorduak:
Martian,Tolosan, Eibarren, Igorre, Agurain eta Zaldibarren izango dira hitzorduak.
Apirilean, barriz, Hondarribian, Amurrion eta Arrasaten izango dira proiekzinoak.
Maiatzean Zarautzen eskainiko ditue filmak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!