Euskal zinemea Berlinale Marketen nabarmenduko da

Bizkaie! 2021-02-26 13:33   Zinemea

Basque Audiovisual, euskal zinemearen markeak stand birtuala izango dau.

Martiaren 1etik 5era, Europako zinema-jaialdi nagusia zati bitan dator aurten: datorren astean Berlinale Co-Production Market, Berlinale Talents eta World Cinema Fund egitasmoak egingo dira, prentsarentzat eta sektoreko eragileentzat; eta bagilean, zinema-aretoetan nahiz aire zabalean eskainiko diran proiekzino ugariez gozauko dau publikoak.

Basque Audiovisual, euskal zinemearen markeak stand birtuala izango dau Berlinaleko merkatuan, Cinema from Spain atariaren barruan, nazinoarteko eragileei azaltzeko zelako pizgarri fiskal eta laguntza-sistemak dagozan euskal lurraldean, baita nazinoarteko industriaren zerbitzura dagozan tresna eta alkarteen barri emoteko be. Era berean, Euskadiko profesional ugari akreditau dira topaketan, besteak beste, Miren Aperribay (Atera Films), Ainhoa Andraka (Doxa Producciones), Nicos Beatty (Soul Pictures), Liliana Braco (Soul Pictures), Rafael Marín (Soul Pictures), Eduardo Carneros (Euskadi Movie AIE), Unai Fernández (Barton Films), Iker Ganuza (Lamia Producciones), Naiara Martínez de Marigorta (Expressive Media), Izaskun Pérez (Expressive Media), Maru Solores (Lumiere Ekoizpenak), Alberto Sota (Pantoma Films) eta Julieta Juncadella (Vitrine Filmes).

Zineuskadiko eta Europa Creativa MEDIA Euskadi bulegoko ordezkariak be izango dira hitzorduan, baita Donostia Zinemaldiko, Zinebiko, Zinegoak-eko, Gaztefilm-eko eta Tabakalerako kideak be.

Basque Audiovisual markearen katalogo barria aurkeztuko da Berlinaleren 71. edizinoan, garapen fasean dagozan 34 proiektu, produkzinoan dagozan 24 pelikula eta 2020an amaitutako beste 24 lan. Argitalpen hori programatzaileen, nazinoarteko salmenta-eragileen, plataformen eta sektoreko beste eragileen eskura jarriko da. Bestalde, Alemaniako hitzorduko akreditatuek Kimuak programara aurkeztutako zazpi film laburren barri be izango dabe.

Berlinale Talents eta Market Screenings

Berlinale Talents atal ospetsuan be nabarmena izango da euskal zinemea, bertan parte hartuko dabelako Zuri Goikoetxea eta Lur Olaizola zinemagileek. Olaizolak New Yorken lan egin dau artista bisual eta produktore kultural lez. Horns & Tails etxeagaz kolaborau eban han eta Architecture & Design Film Festival jaialdia koordinau eban. Bartzelonako kultura garaikideko zentroan be lan egin eban ikus-entzunezko dokumentalista eta muntatzaile lez eta egun Tabakalera kultura garaikideko nazinoarteko zentroko ikus-entzunezko programak koordinetan ditu. Zinemagile lanetan, Xulia (2019) eta Zerua blu (2020)
film laburrak egin ditu eta azken horrek Estaduko film labur onenaren saria jaso dau Zinebin.

Bestalde, Zuri Goikoetxea gidoigile, zuzendari eta produkzino lanetan dabil 2010etik eta Doxa Producciones etxeko kide da 2016tik. Bideo-arte esperimentala egiten dau, baita fikzinozkoa ez dan zinemea be, besteak beste, 163 días. La Huelga de Bandas, 592 metroz goiti (2019ko Goya Sarietan hautagai izan zan) eta Meseta (Copenhagueko CPH:DOX jaialdian epaimahaiaren aitamen berezia jaso eban, nazinoartean lortutako besten hainbat aintzatespenen artean). Era berean, Aitor Merinoren bigarren film luzeko (Fantasia) gidoian parte hartu eta produkzino lanak egin zituan eta egun División de Honor (Ainhoa Andraka) filmaren muntaketa lanetan dabil, baita Itoiz Udako Sesioak (Larraitz Zuazo) pelikulearen garapenean eta Working From Home (Laida Lertxundi) film laburraren produkzinoan be.

Salmenta-eragileek antolatzen dituen Market Screening saioetan, barriz, hainbat euskal film izango dira ikusgai: Ilargi Guztiak (Igor Legarreta), Ane (David P Sañudo), Baby (Juanma Bajo Ulloa), Hil Kanpaiak (Imanol Rayo), Enjambre (Mireia Gabilondo), Lobster Soup (Rafa Molés & Pepe Andreu), Nora (Lara Izagirre) eta The Miramar Murders: The State Vs. Pablo Ibar (Olmo Figueredo).

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu