Iciar Bollainek 'Maixabel' lan barriaren filmaketeari ekin deutso

Bizkaie! 2021-02-18 13:30   Zinemea

Blanca Portillo eta Luis Tosar izango dira protagonista.

Benetako jazoeretan oinarritutako istorio honen protagonista da Maixabel Lasa, ETAk hildako Juan María Jaúregui euskal politikariaren emaztea eta senarraren hiltzaileakaz kartzelan alkarrizketatu dan lehen biktimetako bat.

2021eko zezeilaren 8an, Maixabel filmetan hasi ziran, Icíar Bollaín zinemagileak zuzentzen dauen hamaikagarren film luzea, Gipuzkoan eta Araban filmauko dana.

Isa Campo gidoilariak (Entre dos aguas, 2018) eta Icíar Bollaínek idatzitako Maixabel filmeko aktore nagusiak dira Luis Tosar (hiru Goya sari irabazia, horreetako bat Bollaínen Te doy mis ojos filmagaitik, 2003an; 1999an be beragaz lan egin eban Flores de otro mundo-n, baita 2011n be, También la lluvia-n) eta Blanca Portillo (Invisibles, 2019; Volver, 2006, emakumezko aktore onenaren saria Cannesko Zinema Jaialdian). Horreekaz batera izango dira, besteak beste, María Cerezuela (Inolvidables, 2021; Útero 26, 2019) eta Urko Olazabal (Víctima número 8, 2018; Errementari, 2018).

Alberto Iglesias, hamaika Goya sari irabazia eta Oscar sarietara hirutan izentautakoa, arduratuko da Maixabel filmaren soinu-bandaz. Javier Agirre da argazki-zuzendaria (Goya saria 2017an Handia filmagaitik). Mikel Serrano, barriz, arte-zuzendaria (Goya saria 2017an Handia filmagaitik). Alazne Ameztoy soinu-arduraduna (Goya saria 2020an La trinchera infinita filmagaitik). Clara Bilbao, 3 Goya sariren irabazlea, jantziez arduratuko da. Karmele Soler izango da makillaje burua (Goya saria 2012an La piel que habito filmagaitik) eta Sergio Perez, barriz, ule-apainketako burua (Patria, 2020). Nacho Ruiz Capillas muntaketaz arduratuko da (Goya saria 2004an Los Otros filmagaitik).

Maixabel Kowalski Films (Koldo Zuazua) eta FeelGood (Juan Moreno eta Guillermo Sempere) etxeen produkzino bat da. RTVE, EiTB eta Movistar+en partaidetzea dauena eta Kultura Ministerioaren (ICAA), Eusko Jaurlaritzearen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta San Sebastián – Gipuzkoa Film Comission erakundearen babesa. Filma Buena Vista Internationalek banatuko dau Espainian eta nazinoarteko salmentak Film Factoryk egingo ditu.

Sinopsia

Maixabel Lasak 2000. urtean galdu eban senarra, Juan Maria Jaúregui, ETAk hil ebana. Hamaika urte geroago, ezohiko eskaera bat jasoko dau: hiltzaileetako batek beragaz berba egin nahi dau Nanclares Okako (Araba) kartzelan. Bertan da zigorra beteten, talde terroristeagaz lotura guztiak eten ondoren.
Dudak eta oinaze neurgatxa izanda be, Maixabel Lasak baiezkoa emongo deutso hamasei urte zituanetik bere bikotekidea izandakoa hil eben personakaz aurrez aurre batzeari: Mundu guztiak merezidu dau bigarren aukera bat erantzuten dau senarraren hiltzaileakaz aurrez aurre jesarteko arrazoiez galdetzen deutsenean.

Zuzendariaren adierazpenak

Maixabel Lasa erreferente bihurtu da Euskal Herria bizikidetzara egiten dagoan bidean. Eusko Jaurlaritzako Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Bulegoko zuzendari lez egindako lana oso ezaguna da baina ez horrenbeste 2011ko Topaketa Leheneratzaileetan izan eban inplikazio personala.

Sakoneko gizatasuna dago beti Maixabelek egiten dauen guztian: senarraren hiltzaileei aurre egitea, sufridu dauena jakin deien, eragindako minaz bihotzez dirala damu entzuteko eta berba horreek zintzoak ete diran hausnartzeko. Hiru bizitza, hiru bide alkar gurutzatu eta helburua bat: itxaropena eta erreparazinoa. Aurrez aurre jarriko dira, sentiduko ditue amorrua, egonezina, lotsea eta bildurra, baina baita poz betea, esker ona eta esperantzea be, hilketa bildurgarri horretan ontasun txiki bat ereiteagaitik. Joandako istorio hau kontau nahiko neuke, emozinoz, zintzotasunez eta, batez ere, protagonistei errespetu osoa adierazota».

Iciar Bollain (Madril, 1967)

Zuzendari, gidoilari eta aktorea 15 urtegaz hasi zan zineman, aktore lanetan, Victor Ericeren aginduetara El Sur (1983) filman. 1991n, Producciones La Iguana sortu eban berak zuzendutako proiektuak sustatzeko.

Hola, ¿Estás Sola? (1995) da bere lehen film luzea baina ondokoak be egin ditu: Flores de otro mundo (1999); Te Doy Mis Ojos (2003), Goya sari bi jaso zituana zuzendari eta gidoi onenak izateagaitik; Mataharis (2007); También La Lluvia (2010), Paul Lavertyren gidoiagaz; eta Katmandu, Un espejo en el Cielo (2011). Zinemagileak dokumentalen generoa landu eban Tierra Extraña (2014) lanean, eta fikzinora bueltau zan El Olivo (2016) filmagaz. Urte bi aurrerago, Yuli (2018) estreinau eban eta 2020an, Candela Peña zuzendu eban La Boda De Rosa-n. CIMA alkartearen sortzailea da (Emakume zinemagileen eta ikus-entzunezko hedabideen alkartea) eta ikusleen aurrean, hurrekotasuna berezko estilo sentibera eta dotore bategaz ondoen buztartzen dakien Espainiako zuzendarietako bat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu