Lucas Eguibar, Munduko txapeldun
2021-02-12 08:22 KirolaBasque Teameko bekadunak urrea irabazi dau emozinoz betetako finalean.
Lucas Eguibar donostiarrak kanporaketa guztiak gainditu ditu sendotasun ikaragarriagaz; lehenengoa izan da final-zortzirenetako kanporaketan, baita final-laurenetako kanporaketan be, bigarrena finalerdietan eta Munduko txapeldun amaitu dau Idre Fjällen Suedian jokatu daben Munduko Snowboardcross Txapelketan. Urteerearen ostean, bigarren postuan egin ditu lehen metroak. Probearen erdian hirugarrena zan baina ez dau etsi denporaldiko helburuetako bat lortzeko ahaleginean. Donostiarrak irabazi egin dau du Alessandro Haemmerle faboritoaren aurretik. Grondin Eliot kanadarra izan da hirugarren.
Chiesa in Valmalencoko Munduko Kopan sufridu eban arren, Lucas bikain da Munduko Txapelketara, edozertarako prest, eta holan lortu dau podiumaren gorenera igotea.
Bigarren aldia da Lucasek domina bat hartzen dauela Munduko txapelketa batean. La Molina '11, Stoneham' 13, Kreischberg '15, Sierra Nevada '17 eta Park City '19ko Munduko Txapelketetan lehiatu zan. Sierra Nevadan, orain lau urte, zidarrezko dominea irabazi eban bakarkako eta taldekako txapelketan eta azken Munduko Txapelketan, AEBetan, laugarren postuan sartu zan.
"Atzetik etozenak oso azkar ikusi ditut eta horretan pentsau dot, lasai joan eta amaierara arte itxarotea. Ez daukat berbarik, ez dakit zer esan, amesetan nago" esan dau probea amaitzean.
Munduko Txapelketaz gan, denporaldiko beste helburu nagusia Kristalezko Globoa da; Beijingen 2022an jokatuko diran Neguko Jokoak begi bistatik galdu barik. 2014ko Sotxiko JJOOetan Lucasek diploma olinpikoa irabazi eban eta 2018ko PyeongChang txapelketan be lehiatu zan. Donostiarra 12 aldiz izan da Munduko Kopako podiumean, lau aldiz irabazita, azkena Sierra Nevadan, 2020ko martiaren 7an.
Lucas Eguibar
Gurasoen eskutik hasi zan eskietan, urte bi zituala, eta 5 urtegaz eski alpinoan lehiatzeari ekin eutson. Snowboard-a gustoko eban eta 7 urtegaz kirol horretan sartzea erabagi eta ama izan eban irakasle. Hamabost urte bete arte eskiagaz jarraitu arren, orduan Espainiako snowboard txapelketetara aurkeztu eta oso emoitza onak lortu zituan. Horreei esker probetarako eta boardercross-eko talde nazionalagaz entrenetako deitu eutsen. Modalidade horretaz maitemindu eta ondo preparetako denpora asko eskainiko eutsola erabagi eban berehala, lehenengo emoitzak bikainak izan ez arren.
2012an, Europako zirkuitua irabazi eta 2013an, Munduko Kopan podiumean sartu zan, Arosako estazioan, Suitzan, hirugarren amaituta eta munduko txapelduna izan zan junior mailan Turkian.
2014an, zortzigarren izan zan munduko zerrendan, Vallnord-en, Andorran, Munduko Kopako bigarren podiuma eskuratuta. Gainera Valmalenco-ko estazino italiarrean munduko txapeldunorde izan zan junior mailan.
Lucasen bizitzak aldaketa izan eban Errusiako hitzordu olinpikoa heldu aurretik. Haren anaia Nicolasek, 24 urtegaz, moto istripu bat izan eban eta lesino larriak eragin eutsozan. Dana dala, Lucasek momentu gogorrak bizi arren, Jokoetarako plangintzara bueltau, saio kopurua handitu eta forma fisikoa berreskuratu eban.
Azkenean diplomea lortu eban zazpigarren postuan amaituta Sotxin, bere lehenengo Olinpiar Jokoetan. Final zortzirenetako txandea eta final laurenetakoa irabazi zituan baina finalerdietan talka egin eta jausi ostean, finaletik kanpo geratu zan. Bigarren mailako finala irabazi eta horregaz batera diplomea, akaso sari txikia jokatutako lau lasterketatik hiru bereganatu eta gero.
2015ean, snowboard-eko Munduko Kopako txapeldun izan zan. Donostiarrak Nazinoarteko Eski Federazinoak eskaintzen dauen Kristalezko Globoa irabazi eban lehen aldiz estadu mailan.
2017ko Sierra Nevadako Munduko txapelketan zidarezko domina bi irabazi zituan snowboardcrossean; bat banaka eta bestea taldeka. Neguko kiroletan aitzindarien taldean sartu zan Lucas, beste lau kirolarik baino ez dabelako domina bat lortu munduko txapelketaren batean: Paquito Fernández Ochoak, Martí Rafelek, Juanito Mühleggek eta Queralt Castelletek.
Eguibarrek aitortzen dau kirolari batengan persona bi dagozala: normala eta lehiatzen dana. Persona normala bere kasuan lasaia da: “Lotsatia nazela esaten dabe baina isilik egotea gustetan jat, besterik ez. Isiltasuna dot gogoko eta disfrutau egiten dot”. Lehiatzen dana, barriz, lasaia eta urduria da aldi berean, arduratsua eta azkarra: “Lehiaketea baino ez dot buruan”. Elementu anarkikoak dituan diziplina honetan 95km/orduko abiadurea hartu leikie kirolariek eta burbuila batean sartzen dira. Munduko txapelketako bakarkako proban ez eban zaleen zaratarik entzun taulea kendu arte.
Munduko txapelketan zidarrak irabazi eta egun bi aurrerago, Israel Planas bere teknikaria hil zan 41 urte zituala. Dana dala, hori be gainditu eban Lucasek.
2018an, Pyeongchangen Jokoetan parte hartzeko txartela lortu eban, final-zortzirenak gainditu barik.
2019an, emoitzarik nabarmenena Park Cityn (AEB) jokatutako Munduko Txapelketan laugarren postua izan zan. Laugarren be izan zan Munduko Kopako sailkapen nagusian.
2020an, koronabirusaren pandemiak denporaldia murriztu deutson arren, Lucas Eguibarrek Sierra Nevadako Munduko Kopea irabazi eban.
Emoitza nabarmenak nazinoarteko txapelketetan
Olinpiar Jokoak
7. Sotxi 2014-02-18
33. Pyeongchang 2018-02-15
Munduko txapelketak
51. La Molina 2011
13. Stoneham 2013
25. Kreischberg 2015
2. (Banaka eta taldeka) Sierra Nevada 2017
4. Solitude 2019
Munduko Kopak
3. Arosa (Suitza) 2013
6. Sierra Nevada 2013
9. Lake Louise (Kanada) 2013
2. Vallnord-Arcalís (Andorra) 2014
1. Veysonnaz (Suitza) 2015
2. Veysonnaz (Suitza) 2015
9. La Molina 2015
5. Montafon (Austria) 2015
8. Feldberg (Alemania) 2016
3. Sunny Valley (Errusia) 2016
10. Bokwang (Korea) 2016
1. Veysonnaz (Suitza) 2016
3. Baqueira Beret 2016
2. Felberg (Alemania) 2017
6. Veysonnaz (Suitza) 2017
10. Cerro Catedral (Argentina) 2017
3. Val Thorens (Frantzia) 2017
1. Montafon (Austria) 2017
4. Erzurum (taldeka) (Turkia) 2018
6. Bansko (Burgaria) 2018
5. La Molina 2018
7. Moscú (Errusia) 2018
6. Moscú (Errusia) 2018
3. Veysonnaz (Suitza) 2018 (2. taldeka)
7. Feldberg (Alemania) 2019
1. Veysonnaz (Suitza) 2019
4. Montafon (Austria) 2019
8. Big White (Kanada) 2020
1. Sierra Nevada 2020
5. Veysonnaz (Suitza) 2020
2021
14. Chiessa in Valmalenco 2021
13. Chiesa in Valmalenco 2021
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!