Eskumaldeak Bilbo eta Getxo arteko bidegorria izango dau 2024an
2021-02-10 13:25 KirolaZubiak eta bidegorriak hobetu egingo ditu tartean diran udalerrietako 600.000 biztanle ingururen mobikortasun aukerak.
Barakaldoko (Amaia del Campo), Bilboko (Juan Mari Aburto), Erandioko (Aitziber Oliban), Getxoko (Amaia Agirre) eta Leioako (Iban Rodríguez) alkateakaz batera, zubia eta bidegorria eregitea Bizkaiarentzat funtsezko proiektutzat jo dau Unai Rementeriak, Bilboren eragina itsasadarreko udalerrietara zabaltzeko apustuaren parte baita. Era berean, adierazo dau zubiak eta bidegorriak hobetu egingo dituela, ingurumena errespetauta eta bizi-kalidadea hobetuz, udalerri horreetako 600.000 biztanle ingururen mobikortasun aukerak.
Bizkaiko diputadu nagusi Unai Rementeriak adierazo dau bidegorria eregiko dala Getxo, Leioa, Erandio eta Bilbo lotzeko eta oinezkoentzako eta bizikletentzako zubia egingo dala Erandio eta Barakaldo lotzeko. Aurrekontua 36,5 miloe eurokoa da eta ezustekorik ezean, bidegorria 2024aren amaieran erabili ahal izango da.
Proiektua
Gaur egun, Bizkaiko Foru Aldundiaren ardurea izango da eraikuntza-proiektua, zubiaren eta bidegorriaren ezaugarriak eta trazadurak zehaztuko dituan proiektuarena eta 2022ko bigarren erdian obrak hastea aurreikusten dau. Injinerutza proiektuaren harian, Rementeriak aurreratu dau ahalmen handiko bidegorria izango dala, ahalik eta zabalera handiena eta bizikletentzako eta oinezkoentzako espazio bereizia izango dituana. Ibilbidea, laua eta zuzena, itsasadarraren ondotik joango da, zazpi kilometro inguru izango ditu eta gune batzuetan, azpiegitura barriak itsasadarraren gainean hegala egin beharko dau, Rementeriak aurreratu dauenez.
Zubia egiteko, 16,5 miloe euroko inbersinoa egin beharko da eta itsasadarraren gaineko lehen eraikuntzea izango da, bizikletentzat eta oinezkoentzat izango dana. Zubi mobikorra izango da, Erandio eta Barakaldo arteko puntu horretan itsasadarrean itsasontziak nabegetako aukerea eskainiko dauena. Zubiak udalerri biak oinez edo bizikletaz lotzeaz gan, itsasadarraren bazter bietan dagozan bidegorrien sareei be jarraipena emongo deutse.
Zubia zein bidegorria zehazteko, Bredako Unibersidadeko bizikletearen mobikortasunean adituak diranen nazinoarteko taldea, Dutch Cyclist Embassy eta Bizkaiko bizikletea bultzatzen dauen taldearen ezagutza eta eskarmentua aintzat hartuko dira.
Bestalde, Amaia Agirre alkateak nabarmendu dauenez, getxotar askok amesten genduan Getxotik Bilbora bizikletaz modu seguruan joateko aukerea. Getxok mobikortasun sostengarriaren aldeko apustu trinkoa egin dau, bidegorrien sarea osotuz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!