Mendi Tour zezeilean: Iruña, Gasteiz, Santutxu (Bilbo), Zangoza, Leioa eta Eskoriatza
2021-02-02 08:24 KirolaMendi Tour 2021 ibilbideak zezeilean euskal uriburuetara joko dau.
Urtarrilean ekin deutso bideari 2021eko BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia Jaialdiko pelikula onenen ziklo ibiltariak Donostian eta Zangozan eta ikusleen erantzuna bete-betekoa izan da: edukiera egokitua ia betetzeraino bietan, egun bietan Donostiako Antzoki Zaharrean eta Zangozako lehen egunean be -zezeilaren 5ean eskainiko da bigarren eta azken saioa-. Lehendik be mendiko zinema ziklo honek dauen erantzun bikainari pandemia sasoiko mendi eta kultur ekitaldi gosea gehitu jako eta espirituak asetzeko topagune bihurtu dira proiekzinook, osasun prebentzinorako neurri guztiak hartuta.
Mendia, abenturea, muturreko kirolak eta natura gaiak jorratzen dituen pelikula zoragarriakaz osotu dira programazinoak, 2020ko abenduan Bilbon egindako Mendi Film sarituak izan ziranak edota gehien nabarmendu ziranak, mendizale, zinemazale eta, oro har, publiko zabalarentzat lan gomendagarriak.
Mendi Tour zezeilean
- Zangoza, Karmengo Entzutegia (Zezeilak 5 / 19:00).
- Iruña, Golem Baiona (Zezeilak 8-9-10-11 / eguneko saio bi, 17:30 eta 20:00).
- Leioako Kultur Aretoa (Zezeilak 10-11 / 19:00).
- Gasteiz, Vital Fundazinoa Kulturunea (Zezeilak 15-17-18-19 / 18:30).
- Santutxu (Bilbo), Santutxuko Udaltegian (Zezeilak 18-19-25 / 19:00).
- Eskoriatza, Zaldibar Antzokia (Zezeilak 26-28 / 19:00).
Iruña, Gasteiz eta Bilbo programatuta beraz, hegoaldeko euskal uriburuetan aurkeztuko da 2021eko Mendi Tourra. Iruñeako Golem zinemetako hitzordua aurreratuta dator, udabarrian egin izan baita aurreko edizinoetan -igaz udagoienean, pandemia egoereak atzerarazo ebalako-. Gasteizen 9. edizinoa beteko dau Mendi Tourrak Vital Fundazinoaren eskutik; plaza berezia da Mendi Filmen historian, han egin baitziran 2008tik 2011ra jaialdi nagusiaren lehen lau edizinoak. Bilboko Santutxu auzoko proiekzinoak, barriz, udal kultur eskaintzako Bidaiarien Txokoa jardunaldien barruan egingo dira.
Horrezaz gan, Leioako eta Eskoriatzako saioak be bereziak izango dira. Hamargarren edizinoa beteko dau Leioako Mendi Tourrak, Kultur Leioa aretoan, Leioa Mendi Taldea eta bertako udalaren eskutik. Eskoriatzan, 6. edizinoa dau Mendi Tourrak, Zaldibar Antzokian eta, aurten, pelikula proiekzinoetarako egun bi horreez gan, Iñurrategi Anaiak, Mendiari Bihotz Emonak komiki liburuaren aurkezpena be egingo da (hilaren 19an).
Mendi Film Bizkaia Ternua 2021 Bekea
Lehen deialdian izena emoteko epea azken egunetan da: zezeilaren 8an zarratuko da proiektuak aurkezteko aukerea. 10.000 euroko bekea da, mendiko zinemagintzan sartu gura daben zinemagile gazteei zuzendua.
Sustatzaileak Mendi Film, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera, Kultura eta Kirol Saila eta Ternua outdoor erropa markea dira.
Bekea jasoten dauen proiektuak urte osoa izango dau lanketarako eta BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdiaren 14. edizinoan estreinauko da (2021eko abenduak 3-12).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!