Donostian eta Zangozan hasiko da 2021eko Mendi Tour
2021-01-25 08:42 ZinemeaBBK Mendi Film Festivaleko azken edizinoko lan sarituetako batzuk proiektauko ditue.
Mendiagaz, natureagaz eta abentureagaz lotutako film bikainak ikusteko aukerea emongo dau, aurreko urteetan legez, Mendi Tour zirkuituak, asteon bertan hasita. Bilbon abenduan egin zan XIII. BBK Mendi Film Festivalen parte hartu eben pelikuletako batzuk aukeratu ditue 2021eko Mendi Tourrerako, tartean sarituetako batzuk. Donostian eta Zangozan izango dira zirkuituaren lehenengo geldialdiak.
Donostiari jagokonez, urtarrilaren 26an eta 27an izango dira proiekzinoak, Antzoki Zaharrean. Vasco de Camping klubaren eta Donostia Kultura erakundearen bultzadaz, 2012tik antolatzen ditue Mendi Tourreko saioak Gipuzkoako uriburuan, eta aurten be ez dabe hutsik egingo.
Bost pelikulako programazinoa atondu dabe. 2020ko Mendi Film Festivaleko Sari Nagusia irabazi eban Hillary, Ocean to Sky, Michael Dillon australiarrak zuzendua, egongo da tartean. Baita Ikusleen Saria irabazitako Everest, the Hard Way eta Epaimahaiaren saridun L’Escalade Libérée be. Beste biak The Tears of Shiva eta Charge 2 dira.
Sarrerak Antzoki Zaharreko leihatilan dagoz salgai, saio bakotxa 6 euroan. 18:45ean hasiko dira proiekzinoak, eta aforoa mugatuta egongo da.
Zangozan, ostera, urtarrilaren 29an eta zezeilaren 5ean izango dira saioak, Karmengo Entzutegian. Donostiako programazinoa egongo da Nafarroako herri horretan be, baina aldaketa bategaz, The Tears of Shiva emon ordez, Arriesgarse a vivir. Zangozako sarrerak 3 euroan salduko ditue.
Ondoren, Leioan, Igorren, Tolosan eta oraindino zehaztu barik dagozan beste herri askotara helduko da Mendi Tour. Egutegi zehatza hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!