Josu Martinez eta Txaber Larreategiren 'Caminho Longe', gaurtik pantaila handian
2021-01-22 10:29 ZinemeaDonostiako Zinemaldian aurkeztu eben dokumentala, irailean.
Alfonso Etxegarai, 33 urtez Sao Tomé ugartean deportauta egon eta gero, Euskal Herrira bueltau da. Itzulera horren kronikea eta protagonistearen ingurukoakan eragindakoa dokumental baten batu dabe Josu Martinez eta Txaber Larreategi zinemagileek, Caminho Longe izenburupean. Donostiako Zinemaldian aurkeztu eben filma, 2020ko irailean, eta gaur, urtarrilak 22, zinema-aretoetako bidea hasiko dau.
Bilbon (Multi), Donostian (Trueba), Gasteizen (Florida) eta Iruñean (Golem-Yamaguchi) ikusi ahal izango da dokumentala pantaila handian. Euskal Herritik kanpo, Bartzelonara be gaur helduko da. Ikusteko dago ze ibilbide egiten dauen aretoetan, ze pandemiagaz ezer gitxi aurreratu leiteke. Oraingoz, baina, Hego Euskal Herriko lau uriburuetan, behinik behin, proiektauko dabe.
ETAko kide izateagaitik deportau eben Alfonso Etxegarai, eta 33 urtez bizi izan da Ozeano Atlantikoko Sao Tomé ugartean. Euskal Herrira bueltauta, ziklo bat itxi dau bere bizitzan, eta horri heldu deutso Caminho Longe dokumentalak. Kristiane Etxaluz, Etxegarairen bikotekidea, be protagonista garrantzitsua da filmean, erbesteko urteak alkarregaz zelan bizi izan dituen aztertzen dalako.
Adabaki Ekoizpenak etxeak bultzatu dau Caminho Longe, IPES, Gastibeltza Filmak eta Zinez alkarteen laguntzinoagaz eta crowdfunding kanpainan parte hartu eben herritarren babesagaz. Josu Martinezek eta Txaber Larreategik alkarregaz egin daben bigarren filma da honako hau; 2010eko Sagarren denbora izan zan lehenengoa. Orduko haretan be, Alfonso Etxegarai eta Kristiane Etxaluz izan ziran istorioaren ardatza.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!