Euskal zinemaren presentzia nabarmena, Biarritzeko FIPADOC Jaialdian

Bizkaie! 2021-01-19 08:36   Zinemea

Euskal proiektu bik Sail Ofizialean hartuko dabe parte.



Jokin Etcheverriaren Muak Autoflow web telesailak eta Josu Martinezen eta Txaber Larreategiren Caminho Longe filmak sail ofiziealen parte hartuko dabe. Era berean, 15 euskal zinemagile be egongo dira bertan eta gaur Akitania Barriaren eta Euskadiren arteko lankidetzea sustatzeko mahai-inguru birtuala egingo da, Zineuskadi bertan dala, Euroeskualde honen barruan lankidetzarako eta finantzaketarako aukerak jorratzeko.

Jaialdiari begira, Akitania Barriko eta Euskadiko produkzinoak batzen dituan katalogo bateratua argitaratu da.

FIPADOC urtero Biarritzen egiten dan zinema dokumentalaren nazinoarteko jaialdia da eta Europako garrantzitsuenetakoa bihurtu da. Urtero, publikoa eta profesionalak batzen ditu aukeratutako film dokumental aitagarri batzuen inguruan. Halan da be, edizino honetan, COVIDaren akontrako burrukeak ezarritako neurrietara egokituz, profesionalen topaketak online egingo dira eta proiekzinoak hilebete batzuk atzeratu dira jentaurrean egin ahal izateko.

Sail Ofiziala

Atal ofizialean formatu desbardineko euskal lan bi nabarmentzen dira: Jokin Etcheverriak sortu eta zuzendutako Muak Autoflow web telesailak, gure planetearen etorkizunari buruzko lanak, Smart atalean parte hartuko dau Smartphone bategaz grabauta, kontzientzia ekologiko handko personei ahotsa emoten deutse mezu argia helarazoteko: bizi nahi badogu, beste modu batera biziten ikasi behar dogu. Jok Production SLk eta Media Attack-ek produzidutako lana da.

Bigarren dokumentala Caminho Longe filma da, Josu Martinezek eta Txaber Larreategik zuzendua eta Histoires d’Europe atalean parte hartuko dau. Alfonso Etxegarai Etakide ohia Euskadira bueltetan danekoa da, Afrikako Santo Tomé eta Príncipe ugarteetan hiru hamarkadaz erbesteratuta egon ondoren. Hara erbesteratu eben Frantziak eta Espainiak. Proiektu horren produktoreak Gastibeltza eta Adabaki izan dira.

Gainera, Euskadiko hamabost profesional izango dira FIPADOCeko Industria Atalean: Jone Landaluzek (Dibulitoon), Tamara Garcíak (Artekaleun), Oihana Oleak (Altube Filmeak), Ricardo del Condek (Kalakalab), Ainhoa Andrakak (Doxa Producciones), Nerea Garcíak (Area Audiovisual), Ander Iriartek (Mirokutana), Maru Soloresek (Lumiere Ekoizpenak), Nagore Eceizak (El Santo Films), Gentzane Osabak eta Alex Vicuñak (Marmoka Films), Iratxe Fresnedak eta Txelu Medinak (Pimpi&Nella Films), eta Ritxi Lizartzak eta María Vallejok (Maluta Filmak) parte hartuko dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu