‘Elfkinak’ gaur, hilak 15, helduko da EAEko zinema-aretoetara

Bizkaie! 2021-01-15 08:26   Zinemea

Zinema Euskeraz programearen barruan dator.

Elfkinak (Alemania) filma gaurtik aurrera eskainiko da gure lurraldeko hainbat zinema-aretotan, Zineuskadik sustatutako Zinema Euskeraz programearen bidez.

EAEko hamabi zinemak aitatu programeak bultzatutako Elfkinak filma estreinauko dabe. Ute Von Münchow-Pohl dau zuzendari film honek. Umeentzako animazinoko pelikula alemaniarra da eta orain 200 urte baino gehiagoko Koloniako kondaira ospetsua berreskuratzen dau.

Zinema Euskeraz programearen barruan 2021ean estreinauko dan lehen filma da eta honi esker Zineuskadik jarraipena emongo deutso euskal ikus-entzunezkoen sektorea suspertzeko konpromisoari, izan be, kontuan izan behar da sektore honi COVID-19aren pandemiak gogor eragin deutsola. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak pelikulak bikoiztea bultzatzen dau ume eta gazteentzat eta euskerea sustatzen dau zinemagintzan. Beraz, Zinema Euskeraz programeak zinema-aretoetan normaltasuna berreskuratzen laguntzeko helburua dau, familiei zuzendutako eduki erakargarria eskainiz.

Hurrengo zinema-aretoetan estreinauko da filma: Principe (Donostia), Zugaza (Durango), Getxo, Gorbeia (Gasteiz), Niessen (Errenteria), Multicines 7 Bilbao eta Golem Alondiga (Bilbo) zinemek gaur estreinauko dabe pelikulea. Urtarrilaren 23ko asteburuan Gurea Zinemara (Billabona) helduko da filma. Urtarrilaren 30eko asteburuan, barriz, Areria Zinema (Lazkao), Bastero (Andoain), Zelai Arizti (Zumarraga) eta Usurbe (Beasain) aretoetan aurkeztuko da eta zezeilean, Modelo Antzokian (Zarautz).

Era berean, datozen hilebeteetan publiko zabalari zuzendutako hainbat film izango ditugu ikusgai eta, horreen artean, dagoeneko aurreratu daiteke hurrengo filma Kranston Akademia: munstro eskola izango dala.

Sinopsia

200 urte baino gehiago daroez elfkinek lur azpian biziten, lurrazaleko mundutik ezkutatuta eta gizakiakaz ezelako hartu-emonik barik. Holako batean, Elfie-k, Kipp- ek eta Buck-ek lurrazalera igotea erabagi dabe. Abentura askoren ondoren, Elfie txikia Teo gozogilearen lagun egingo da. Gizon erretxina da Teo baina berak gogorarazoko deutse elfkinei zein dan beren bizitzako helburu nagusia: besteei laguntzea!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu