Bizkaiak 122 ikus-entzunezko filmazino hartu zituan 2020an
2021-01-14 13:47 ZinemeaCovid-19a gorabehera, proiektu askok egin zituen grabaketak hemen.
Martian hasitako konfinamenduan filmazino guztiak geratu egin ziran, eta maiatzaren 10era arte ez eutsen lanari berrekin. Halandabe, Bilbao Bizkaia Film Comission dalako erakundea pozik agertu da 2020ko emoitzakaz, ikus-entzunezko sektoreko ehun produkzino baino gehiagok Bizkaiko txokoak aukeratu zituelako eszena guztiak edo batzuk grabetako.
Industria zinematografikoko produkzinoen artean Bizkaia agertoki legez bultzatzea dau helburu Bilbao-Bizkaia Film Comissionek. Bilboko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundia dagoz horren atzean, eta erakunde biotako ordezkariek agerraldia egin dabe, igazko jarduerearen barri emoteko.
Duda barik, pandemiak kalte handia eragin deutso ikus-entzunezko sektoreari, baina ezin da esan filmazinoak guztiz geldirik egon diranik, Bizkaiko datuei erreparatuta: 202 proiektuk egin eben bat Bilbao Bizkaia Film Comissionegaz, eta 122k grabazinoak egin zituen Bizkaiko txokoren baten. Danetara, 540 lan-egunen baliokidea izan zan hori.
Bizkaian 2020an grabautako produktuen artean, aretoetan ikusi ahal izan diran lan luze batzuk dagoz. Besteak beste, El doble más quince, Una ventana al mar, Akelarre eta Baby. Galder Gaztelu-urrutiaren El hoyo be aitatzekoa da, interneteko plataformen bidez ikaragarrizko arrakastea izan dauelako mundu zabalean, miloeka lagunek ikusi dabe. Bilboko Zorrotza auzoan errodau zan El hoyo.
Film luzeak, danetara, sei izan ziran, eta 19 film labur batu behar jakez. Horrezaz gan, 32 iragarki publizitario, 23 telesaio, 12 bideoklip, 15 dokumental, lau websail, zazpi argazki-saio eta lau telesail be grabau ziran Bizkaian igaz, Bilbao Bizkaia Film Comissionen datuen arabera. Bertoko zein atzerriko proiektuek aukeratzen dabe Bizkaia agertokitzat, tartean sortzaile eta enpresa ezagunek.
Bilbao Bizkaia Film Comission bultzatzen daben erakundeen arabera, Bizkaia agertoki seguru lez finkatu da 2020an. Lankidetza pribadu eta publikoan oinarrituta, 2015etik dabil lanean Bilbao Bizkaia Film Comission, eta 2017tik European Film Comission Network alkarteko kidea da. Alderdi askotan egiten dau erakunde publikoen eta ikus-entzunezkoak sortu nahi dituen eragile pribaduen arteko zubilana: produkzino-faseak, lokalizazinoa, zerbitzu profesionalak, administrazino-kudeaketak, produkzino-espazioak, ostatuak eta logistikea, segurtasun juridikoa eta zergak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!