Loraldiak Txomin Heguy aktorea omenduko dau
2021-01-14 12:17 KultureaAntzerkia eta musikea buztartzen dituan formatu txikiko ikuskizuna da.
Txomin Heguy aktoreak Anton Abbadia esploratzailea, geografoa, astronomoa eta XIX. mendean euskal kulturea bultzatu eban kultur-gizona antzezten dau. Abbadia izan zan Loraldiak 2015etik Bilbon egiten dan Loraldia Jaialdiaren inspirazino-iturria.
Orduko haretan, Aitor Mazok Anton Abbadiaren nortasuna eta izena hartu zituan eta Patxo Telleriak idatzitako gidoian oinarrituta, zientzia eta kulturako gizon bihurtu zan, bakarrizketa zoragarria eskainiz. Zoritxarrez, handik gitxira Aitor Mazo joan egin jakun.
2018an, Patxo Telleriaren testua berreskuratu eta Anton Abbadia taula gainean ikusi genduan barriro, Txomin Heguy aktore lapurtarraren eskutik.
Anton Abbadia: Dublinetik Hendaiara
Antzerkia eta musikea buztartzen dituan formatu txikiko ikuskizuna da. Txomin Heguy aktoreak hiru musikari ditu alboan: Xabi Zeberio (nyckelharpa, biolina eta kalimba); Mixel Ducau (gitarra eta klarinetea); eta Alaia Phillips Ducau, abeslaria.
Loraldiaren produkzino propioa da, Chimères antzerki taldearen eta Metrokoadroka Sormen Laborategiaren laguntzeagaz sortua, Oier Guillanen zuzendaritzapean.
Musikea antzezpenaren soinu-banda bihurtzen da eta historian gogoratuko diran lekuetako batzuk ekarten ditu gogora, besteak beste, Irlanda, Brasil, Etiopia, Paris eta Zuberoa.
Txomin Heguy eta omenaldia
Txomin Heguy ibilbide luzeko kultur sortzaile, abeslari, aktore eta idazlea da. 1977an hasi zan amateur Hazparneko Bordaxuri antzerki taldean. 1997tik antzerkigile eta abeslaria da Biarritzeko Chimères antzerki konpainian.
Antzerki irakaslea, antzerki proiektuen kudeatzailea eta antzerki lanen zuzendaria be izan da.
1981etik 1982ra Kemen taldeko abeslaria izan zan (Peio Serbielle, Xan Othabure, Marie-Jeanne Davant, Beñat Davant); eta geroago Balerdin, 2000 eta 2004 artean, Frantxua Cousteau, Marie Hélène Estecahandy eta Karlos Gimenezegaz batera.
Kulturearen sustapenari jagokonez, proiektu askotan parte hartu dau: 1883 eta 1988 artean Eihartzea Kultur Etxearen sortzaile eta lehendakari izan zan Hazparnen. 1982tik 1985era Zurkaitza alkartearen sortzailea izan zan, iparralden euskal musikearen jaialdiak antolatuz.
1990 eta 1997 artean, Euskal Kultur Erakundeko lehen zuzendaria izan zan.
Idazle eta itzultzailea izan da hamarkada bitan eta hainbat antzezlan itzuli eta egokitu ditu.
Loraldia Kultur Alkarteak omenaldia egingo deutso gizon eta profesional handi honi eta bihotz-bihotzez eskertu egin dauen lana Anton Abbadia ezagutzera emonez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!