Juanito Oiarzabalek zortzimilakoak igoteari itxiko deutso

Bizkaie! 2021-01-08 09:07   Kirola

Munduko hamalau mendirik altuenak bigarren aldiz igoteko ahalegina amaitutzat jo dau.

Juanito Oiarzabal mendian | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal alpinismoaren ordezkari nagusietako bat da Juanito Oiarzabal, eta gitxik daukie harenaren pareko ibilbide luze eta oparorik. Zortzi mila metrotik gorako mendietan egindako espedizinoakaitik egin da ezagun gasteiztarra, baina, jentaurrean adierazo dauenez, ez da munduko tontorrik altuenetara bueltauko. Hamalau zortzimilakoak igon zituan lehenengo euskalduna izan zan 1999an, eta hamalaurak bi bidar igoten munduko lehenengoa izateko proiektuan ibili da orain arte. Gorputzak eta buruak geratzeko eskatu deutse. 

Arrazoi nagusi bi aitatu ditu Oiarzabalek erabagia azaltzeko. Batetik, osasuna. Goi mendian egindako urte luzeetan, momentu txarrak be izan ditu: biriketako gaixoak, atzamar eta behatzak galtzea, izozteak... 65 urte betetear dala, gorputzak ez deutsala gehiagorako emoten pentsau dau. Bigarren arrazoia, Alberto Zerain lagun minaren heriotzea izan da, 2017an Nanga Parbaten.

Oiarzabalek uste dau suberteagaitik dagoala oraindino bizirik, eta ez dau arrisku gehiagorik hartu nahi, dagoeneko gehiegitan egon da heriotzatik hur. Dana dala, mendi txikiagoetan espedizinoak egiten segidu nahi dau, eta mendi-gidaria be bada.

Zortzimilakoetan egindako ibilbide oparoari agur esateko, ganera, dokumentala grabetan dabil Oiarzabal, Mikel semeagaz eta Al filo de lo imposible saioko Sebastián Álvarogaz batera. Karakorum aldean ibili dira oraintsu grabazino batzuk egiten, eta laster Nepalera eta Patagoniara be joango dira. Oiarzabalentzat esanguratsuak diran lekuak izango dira dokumentalaren ardatza. 

Juanito Oiarzabalek 1985ean igon eban lehenengo zortzimilakoa, Cho Oyu (8.201 m). 1999rako hamalau zortzimilakoak igon zituan, eta hori lortzen lehenengo euskal herritarra eta mundu osoko seigarrena izan zan. Gerora, Alberto Iñurrategik eta Edurne Pasabanek be igon ditue zortzimilako guztiak. 

Behin zortzimilako guztien tontorrak zapalduta, beste inork lortu bako erronkeari ekin eutsan gasteiztarrak, hau da, hamalau mendiok barriro igoteari (2x14x8000 proiektua). Ez dau helburua bete, baina urrun be ez da ibili. 1985etik gaur arte, 26 bidar igon dau zortzimilakoetara, eta hamar tontorretan egon da bi aldiz edo gehiagotan. 2012an jasandako biriketako edemea izan da oztopo nagusia azken urteotan. 

Juanito Oiarzabal (ezkerrean), agurra iragarteko agerraldian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu