Saharari buruzko ‘Haizearen egia’ film laburra Elorrion erakutsiko dabe
2021-01-07 13:25 ZinemeaElorrioko Arriola Antzokian eskainiko dabe urtarrilaren 8an, barikuan, 18:00etan.
Ekain Albiteren (Zumaia, 1999) Haizearen egia film laburra Elorrioko Arriola Antzokian eskainiko dabe urtarrilaren 8an, barikuan, 18:00etan. Albite zinema-zuzendaritza ikasten dabil Bartzelonako ESCACen eta lehenengoz zuzendu dau pelikula bat modu profesionalean. Bertan, Tahar-en istorioa kontau dau: Saharako 20 urteko mutil gaztea da, Euskal Herrian bizi dana. Haren familiak Tindufeko errefuxiatuen eremuan biziten dago eta dei bat jasoko dau bertatik: aita hilzorian dago. Saharar gaztea etxera bueltau eta, aitaren hilotza garbitzen dauen bitartean (musulmanen usadioa), aurre egin beharko deutsee joanari, gomutei eta
kontraesanei.
Lortuko al dau sasoiz bizitzako piezak jagoken lekuan jartea? Lortuko ete dabe alkar ulertzea? Eta alkarri parkamena eskatzea?
Film laburra Maluta Filmsek produzidu dau eta Zumaiako eta Zestoako udalen, Euskal Fondoaren, Darahli Alkartearen, Wadna Alkartearen eta Eusko Jaurlaritzearen laguntzea izan dau. Zinebi Bilboko Zinema Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdian eta Lekeitioko Euskal Zinema Bileran hartu dau parte oraintsu eta bigarren honetan epaimahaiaren Aitamen Berezia eskuratu eban.
Proiekzinoaren ondoren, produkzinoaren prozesuaz eta Saharan bizi daben egoerea jorratuko dabe mahai-inguruan.
Ekain Albite (Zumaia, 1999)
Zumaiarra zinemazalea izan da beti eta modu amateurrean hainbat film labur egin ditu. Gaur egun, Bartzelonako Escola Superior de Cinema i Audiovisuals de Catalunyan (ESCAC) Zinematografia ikasketak amaitzen dago, Zuzendaritza espezializazinoan. Haizearen egia bere lehenbiziko film labur profesionala da.
Maluta Films
Produkzino-etxea Donostian sortu eben 2008an eta ordutik hainbat lan produzidu ditu: Albaitari laburra eta Menchu Gal dokumentala (2012), Tres60 (2013) film luzea, Odola Odol (2015) dokumentala, Bagoaz! websailaren denporaldi bi (2017, 2018). 2018an, Oier Aranzabalen Margolaria pelikula Zinemaldian aurkeztu eta 2019an estreinau eben. Urte berean Zutik, Ainara Mendiolaren film laburra estreinau eben. 2020an, Haizearen egia fikzinozko film laburra eta Ainarak webdoka eta Apaiz kartzela dokumentala produzidu ditu.
Egitaraua
-18:00etan: Aurkezpena.
-18.10ean: Filmaren proiekzinoa.
-18:45ean: Mahai-ingurua.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!