'Kinka' film laburra amaitu dau Maider Oleagak

Bizkaie! 2021-01-07 09:03   Zinemea

Galapan eta Sumendi Filmak dira produktoreak.

Maider Oleaga (Bilbo, 1976) zinema zuzendariak Kinka film laburraren filmaketea amaitu dau, Carlota Pereda-ren gidoiagaz (Goya Saria Film Labur Onenari Goya Saria Cerdita filmagaitik). Elena Irureta, Maria Isabel Diaz eta Josean Bengoetxea dira aktoreak.

Galapan (Ander Barinaga-Rementeria, Iñigo Zubero) eta Sumendi Filmak (Ander Sagardoy, Eneko Sagardoy) dira produktoreak.

Film laburra Itxitik ezohiko diru-laguntzen deialdiaren barruan finantzau da, beste 6 pelikulagaz batera, COVID-19 birusak eragindako pandemia egoeran kokatuko dira guztiak. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikearen Sailak eta Zineuskadi alkarteak kudeatu dabe laguntzea. 2021ean, Zinebi edota Donostiako Zinemaldian ikusteko aukerea bermatu dabe deialdiaren arduradunek.

Sinopsia

Doroty (Maria Isabel Diaz) 60 urte inguruko langile hegoamerikarrak eta Mari (Elena Irureta) gorreria arazoak dituan edadeko emakumeak konfinamenduan alkarregaz bizi beharko dabe. Dorotyk kezkaz entzungo ditu nondik datozen ez dakien soinu susmagarriak, Marik munduagaz loturarik bako egoera arrotza bizi dauen bitartean.

Talde teknikoa

Lehenengo mailako profesionalez osotutako lantaldean dagoz Kiko de la Rica argazki zuzendaria (Argazki Onenaren Goya Saria Blancanieves filmagaitik), Idoia Artxanko produkzino burua, Ainhoa Eskisabel makillaje eta uleapainketa burua (Makillaje Onenaren Goya Saria Handia filmagaitik), Zaloa Ziluaga arte zuzendaria, Andrea Saenz zuzeneko soinuan eta Xanti Salvador (Soinu Onenaren Goya Saria La trinchera infinita) soinu diseinuan, Iratxe Sanz jantzien diseinuan, Maialen Sarasua muntaian eta Paula Olaz musika konposizioan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu