Urtarrilean jokatuko da emakumeen esku-pelotako III. Bizkaia Txapelketea

Bizkaie! 2021-01-05 08:12   Kirola

Sei bikotek hartuko dabe parte.

Bizkaia Frontoian egin dabe aurkezpena, eta hantxe jokatuko dira partiduak (Argazkia: BFA) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Bizkaia Frontoian jokatuko da emakumeen esku-pelotako III. Bizkaia Txapelketea, Foru Aldundiak bultzatuta, urtarrilaren 8tik 31ra. Sei bikote lehiatuko dira, hiruna bikoteko moltso bitan banatuta, eta ligatxu bakotxeko lehenengoek jokatuko dabe finala. Hortaz, goi mailako hainbat partidu ikusteko aukerea egongo da hileon (online bada be), emakumeen kirola bultzatzera datorren txapelketa honi esker. 

Honeek dira edizino honetako sei bikoteak: A moltsoan, Amaia Alday-Oihana Orbegozo, Miren Larrarte-Gentzane Alday eta Leire Garai-Maite Ruiz de Larramendi; B moltsoan, Iera Agirre-Arrate Bergara, Olatz Arrizabalaga-Naroa Agirre eta Ainhoa Ruiz de Infante-Olatz Ruiz de Larramendi.

Ligatxuetako partiduak urtarrilaren 8an, 15ean eta 22an jokatuko dira, 19:00etan. Finala hilaren 31n, eguerdiko 12:00etan, izango da. Pandemiagaitik partiduak publiko barik jokatuko diranez, Bizkaia Frontoiaren Facebook orrian online eta zuzenean emongo ditue norgehiagoka guztiak. Ganera, finala ETB1en be ikusi ahal izango da. 

Arauei jagokenez, lehenengo aldiz pelota mistoagaz jokatuko dabe torneo hau. Partidu bakotxa 22 tantura izango da, eta moltsoren bateko sailkapenean bardinketarik egon ezkero, danetara tanto gehien egin dituan bikotea geratuko da aurretik. Kasu horretan be bardinduta badagoz, gazteenak sailkatuko dira. 

Txapelketan parte hartuko daben pelotariek eta Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura diputaduak Bizkaia Frontoian agerraldia egin dabe, aurtengo edizinoaren nondik norakoak azaltzeko. Kirolarentzat be sasoi gatxak ekarri ditu pandemiak, eta zaleen babesa eskatu dau Bilbaok: Zelan edo halan kapaz izan behar dogu pelotariei ikusleen berotasuna sentiduarazoteko; frontoia hutsik egongo da, baina partiduak beste kanal batzuetatik jarraitu geinkez.

Etorkizunari begira be ezinbestekoa da era honetako txapelketak antolatzea. Ezinbestekoa da erreferenteak sortzea, gero eta emakume eta neska gehiagok pelotan jokatzea erabagi deien, holan, hain geurea dan kirola indartzen laguntzeko, dino Lorea Bilbaok. Emakume pelotari oso onak daukaguzala ganeratu dau diputaduak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu