Zinematekeak Pier Paolo Pasoliniri eskainitako zikloa dakar

Bizkaie! 2021-01-04 08:05   Zinemea

Proiekzinoak urtarrilaren 13an hasiko dira.

Azkuna Zentroak Pier Paolo Pasolini. Poesia zinema egina urtarrilaren 13tik martiaren 18ra, eguazten eta eguenetan, eskainiko ditu zinemagile italiarraren 10 pelikula. Zinematekearen programazinoa Mediateka BBKra zabaldu eta bertan Pier Paolo Pasoliniren lanari buruzko filmak eta liburuak konsultau eta maileguan hartu daitekez. Bibliografiaren artean ondoko izenburuak nabarmentzen dira: Pier Paolo Pasolini Cátedra 1999; El caso Pasolini: crónica de un asesinato. Gallonero, 2010; Pasolini o la noche de las luciérnagas. Noche, 2015; Teorema. Edhasa, 2005; edo La religión de mi tiempo: (1957-1971 poesia). Nórdica Libros, 2015.

Zinematekak hiru hamarkadatik gorako historia dau Bilbon eta zinema klasikoko eta sorkuntza garaikideko programazino egonkorra dau Azkuna Zentroan; ikus-entzunezko programazinoaren oinarrizko zutabeetako bat da eta zikloek sakontzen dabe hizkuntza zinematografikoaren eta ikus-entzunezkoen jakintzan, zirkuitu komertzialetik kanpo dagozan lanen bidez.

Ezinbesteko filmen bildumea dauen Zinemaren historiako 50 harribitxi zikloa amaitu ondoren, Zinematekeak autore-sorkuntzetan jarriko dau arretea barriro, zinemearen historiako zuzendari handien filmografiaren hautaketa baten bidez. Azkuna Zentroaren hamar urteotan, Zinematekeak zinemagile handien atzera begirako saioak antolatu ditu, besteak beste, John Ford, Pedro Almodóvar, Samuel Fuller, Michelangelo Antonioni, Buster Keaton, Dorothy Arzner, Theo Angelopoulos, Juan Antonio Bardem, John Huston, Charles Chaplin eta Christine Vacho egileenak eta 60.000 persona baino gehiago bertaratu dira.

Serieak Pier Paolo Pasoliniri eskainitako zikloagaz izango dau jarraipena, XX. mendearen bigarren erdiko zinemagile eta poeta garrantzitsuenetako bat baita. Honako hau ez da Zinematekeak zuzendari italiarraren filmak programetan dituan lehen aldia, izan be, Mamma Roma (1962), haren maisulanetako bat, amaitu barri dan Zinemearen historiako 50 harribitxi zikloko lanetako bat izan da.

Ziklo monografikoa 2021eko urtarriletik martira programau da eta bere produkzino zinematografiko zabaleko titulurik enblematikoenetako batzuk aztertuko ditu; proiekzino guztiak jatorrizko bersinoan izango dira, gaztelaniazko azpitituluakaz eta sarrerek 5 euroko prezioa izango dabe, 4 euro Az txartelagaz.

Pier Paolo Pasolini. Poesia Zinema Egina

Ondoko filmak eskainiko ditue: Accattone (1961); Il Vangelo secondo Matteo (1964); Uccellacci e uccellini (1966); Edipo re (1967); Teorema (1968); Medea (1969); Il Decameron (1971); I racconti di Canterbury; Il fiore delle mille e una notte (1974); eta Salò o le 120 giornate di Sodoma (1975)

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu