Alex Txikonek Manaslu neguan igoteko ahalegina egingo dau
2020-12-28 12:50 KirolaIñaki Alvarez eta Simone Moro izango ditu bidelagun.
Alpinismoaren begiak K2ko neguko espedizinoetan dagozan honetan, Alex Txikonek beste zortzimilako baten jarri dau helburua, Himalaiako Manaslu tontorrean (8.163 m). Ez da erronka makala izango, neguan inork ez dauelako igon 1984tik, ahaleginak egon diran arren. Simone Moro italiarra ibili da aurreko neguetan Manasluko tontorrera heldu guran, baina alferrik.
Alex Txikon eta Simone Morogaz batera, Iñaki Alvarez mendizale gipuzkoarra espedizinoko kide izango da. Zortzimilakoetara egindako lehenengo igoeretan, gazteak zirala, alkarregaz sarri ibili ziran Txikon eta Alvarez, eta orain barriro egingo dabe bat. Nepalen bertan Chhepal Sherpa eta Kalden Sherpa batuko jakoz Europatik joandako hirukoteari. Laguntzino teknikoa Eneko Garamendik, Aitor Sanzek eta Lur Uribarrenek emongo dabe Behe Kanpalekutik.
Abenduaren 31n urtengo dabe Nepal aldera Txikonek, Alvarezek eta Morok, PCR probek kontrakoa agintzen ez badabe. Rughatetk Manasluko Kanpamendu Nagusira (4.900 m) doan trekkinga egingo dabe gero, urtarrilaren erdi partean igoerea preparetan hasteko asmoz. Tontorrerako bidea bizkor egitea aurreikusi dabe, altuerako kanpamendu bi erabilita. Bide klasikoa aukeratu dabe.
Kanpamendu Nagusian pasau beharreko hilabete eta erdian Elur gailua probauko dabe Jon Barredo eta June Saenz de Urturi adituek. Elur edo lur azpian galdutako personak topetako tresnea da Elur, eta Himalaian egingo dituen proba errealei esker, estaldura nabarmen zabalduko dabe, orain arteko distantzia halako 30. Alpinistentzat aurrerapausu handia izango dala ziurtatu dabe espedizinoko kideek.
Espedizino jasangarria
Elur proiektuko kideak ez dira izango mendizaleei laguntzen Manaslura joango diran bakarrak. Izan be, erakunde eta enpresa ugarik bat egin dabe, ingurumenaren eta jasangarritasunaren aldetik espedizino eredugarria izan daiten. Eki Fundazinoak, Aquadat enpreseak eta Energiaren Euskal Erakundeak egingo dabe lan helburu horren alde.
Txikonek urteak daroaz Eki Fundazinoagaz alkarlanean. Argindarrerako sarbiderik ez daben herri eta eskualdeetan eguzki-energia erabilteko instalazinoak ipinten ditu fundazinoak, batez be Afrikan, baina Nepalen be lagundu izan dau. Horregaz lotuta, Txikonen lantaldeak eguzki-energia besterik ez dau erabili nahi, ohiko erregaiak baztertuta.
Kontuan izan behar da Behe Kanpalekuan danetariko tresnak erabilten dirala: Bateriak, telefonoak, irratiak, ordenagailuak, dronak, estazio metereologikoak... Gatxa izango da hori guztia eguzkiaren indarragaz elikatzea, baina Alex Txikonek uste dau lortuko dabela. Igaz Everesteko Behe Kanpalekuan 50 egun pasau zituen, energia kutsagarririk erabili barik.
Beharrizan guztiak beteteko, eguzki-plaka bi izango ditue. Bat, igaz erabilitakoa, eta, bestea, aurten Eki Fundazinoak emondako barri bat. Espedizinoa amaitzen danean, Nepalgo ikastetxeren bati emongo deutsez plakak.
Ingurumena jagoteko neurriak aurreko espedizino batzuetan be hartu izan ditu Alex Txikonek. Manasluko igoerea aurkezteko ekitaldian adierazo dauenez, orain dala ia hogei urte Himalaiara joaten hasi zaneko sasoiakaz konparauta, glaziarrek zelako atzerakadea izan daben konturatu da.
Aquadat enpreseagaz hasitako alkarlanak be mesede egingo deutso ingurumenari. Espedizino normal baten 4.000 ur-botila kontsumidutea ohikoa da, baina ura iragazteko Aquadatek emondako tresneari esker, ez dabe bakar bat be erabili behar izango. Everestera doazan espedizino guztiek gauza bera egin ezkero, urtean 125 tona plastiko gitxiago botako litzatekez naturara.
Ganera, espedizinoa martxan dagoan bitartean, mendian botata dagozan hondakinak batzeko urteerak egingo ditue. Espedizinoko kideek eurek sortzen dituen hondakinak be (olioa eta gernua), batu eta tratau egingo dira. Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusi Iñigo Ansolak halako keinuen garrantzia azpimarratu dau: Natureagaz kontaktuan egon ezkero, zer hoberik lehen egon dan moduan ixtea baino.
Espedizinoaren izakera garbi eta solidarioa biribiltzeko, umeentzako nutrizino-produktuak (200 kg) eta osasun materiala (100 kg) banatuko ditue Himalaiako biztanleen artean, Cofares Fundazinoaren eskutik eta SOS Himalaia fundazinoaren laguntzinoagaz. Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputadu Lorea Bilbaok espedizinoaren aurkezpenean adierazo dauenez, Alex Txikon ez da mendira igoteagaz konformetan, beste alor batzuk be ikutzen ditu.
Osasun larrialdiak zalantza ugari eragin dituan arren, neguan zortzimilakoetara joateko aukerea sortu jako barriro Alex Txikoni. Jasangarritasuna eta naturea ardatz izango dituan dokumentalerako irudiak grabauko ditu lantaldeak Manaslun. Dokumentalagaz batzen dan dirua Eki Fundazinoari emongo deutse.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!