'Eten barik joten'...

Bizkaie! 2020-12-23 08:31   Zinemea

Euskal musikan eta gizartean, emakumearen zeregina erakusten dauen dokumentala plazan.

Eten barik joten historian zehar izan diran eta gaur egun diran emakume pandero-joleei buruzko dokumentala da. Plazetan leku propioa topau eta arau patriarkal ugari hausi behar izan dituen emakumeak izan dira eta euskal folklorean zein gizartean poza eragin dabe. Emakume horreen burruka eta lidergo lana, jaso gura izan ditu dokumentalak.

Horrezaz gan, emakume pandero-joleak eredutzat hartuta, gizarteko ze beste arlotan be, emakumeek leku propioa topau behar izan daben aztertu dau dokumentalak.Gure gizarteko emakume nabarmenen ahotsa entzun geinke, euren esperientzia propioei buruz berba eginez, besteak beste, Josune Arakistain eta Uxue Amonarriz Huntzako partaideak, Kris Solano eta Maixa Lizarribar trikitilari eta pandero-joleak, Maider Mendizabal eta Patri Espinar kirolariak eta Uxue Alberdi, Oihana Bartra eta Onintza Enbeita bertsolariak agertzen dira.

Dokumentala EITBren parte-hartzeari esker egin da, Bizkaiko Foru Aldundiaren dirulaguntzinoa jaso eta Laboral Kutxa eta Orona Fundazinoaren babesa be izan dau.

Dokumentalean, Edurtzeta Ania eta Rakel Pujana pandero-jole ospetsuek euskal musika tradizionalaren mito bategaz joten dabe: honezkero 94 urte dituan Nati Bilbaogaz, hain zuzen. Hirurek kontauko deuskue zelan hasi ziran musikea joten eta zelan ikusi daben gizartearen bilakaerea.

Jaia eta panderoa, estu lotuta dagozan elementuak, biziteko erea erakutsiko deuskue: musikarako pasinoa eta emakumea izatearen kontzientzia.

Historia, Musikologia eta Artean adituak diran zenbait emakumek, euskal gizartean emakumeek jokatutako rolari buruz berba egiten deuskue eta feminismotik idaztea zer dan azaltzen deusku Itxaro Borda idazleak.

Germán Rubio eta Marcell Erdélyi dira dokumentalaren zuzendariak. Elena Moreirak eroan dau produkzinoa eta gidoia Ivan Batty eta Marian Gerrikabeitiak egin dabe. Horrezaz gan, Eibar Musika Eskolako Iraide Ansorenaren ikasleen eta Euskal Herriko leku askotako emakume pandero-jole ugariren partaidetzea izan dau.

Alkarrizketak eszenatoki ezbardinetan grabau dira, berbarako, Iberdrola Torrean, Bilboko Arte Eder Museoan, Euskal Museoa eta Arkeologi Museoan. Antxinako ohiturak be jasoten ditu, adibidez, panderoa joten ospatzen dan Aguraineko San Juan jai ezaguna.

Nor da gaurko emakume bertsolarien erreferentea? Simone de Beauvoir ala Txirrita? galdetzen deutse euren buruei, Oihana Bartra, Uxue Alberdi eta Onintza Enbeitak. Zelakoa izango da etorkizuneko pandero-jolea? Maurizia barri bat jaio al da? Gaur eguneko neskatilek badabe emakumeak eta euskaldunak diran ereduak? Hori guztia eta gehiago da Eten Barik Joten.

        Argazkiak: Txemari Ortiz de Luna.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu