Film onenaren Feroz saria irabazteko hautagaiak dira 'Akelarre' eta 'Ane'

Bizkaie! 2020-12-11 10:12   Zinemea

Beste euskal film eta telesail ugarik be badaukiez izendapenak.

'Akelarre' filmak sei izendapen ditu | Ikusi handiago | Argazki originala

Zinemearen inguruko informazinoa lantzen daben profesionalek antolatzen ditue Feroz sariak, urteko pelikula eta telesail onenak nabarmentzeko. Euskal zinemagintzeak izendapen ugari ditu aurtengo edizinoan, tartean, film dramatikorik onenaren saria irabazteko hautagai bi: Pablo Agüeroren Akelarre eta David Pérez Sañudoren Ane.

Agüeroren Akelarre-k sei izendapen ditu: Film onenaren kategoriaz gan, besteak beste, musikarik onenaren atalean be badago, Maite  Arroitajauregiren eta Aranzazu Callejaren lanari esker. Aktore onenaren sarirako izentau dabe Amaia Aberasturi. Ane, ostera, aktorerik onenaren (Patricia López Arnaiz) eta gidoirik onenaren kategorietan da hautagai. 

Beste euskal hautagai batzuk, film luzeen atalean, honeek dira: Koldo Uriarte eta Bingen Mendizabal (musikarik onena, Juanma Bajo Ulloaren Baby filma) eta Ramón Barea (bigarren mailako aktorea, La boda de Rosa).

Telesailen ataleko hautagaien artean be badago euskal ordezkaritzea. Aitor Gabilondok zuzendutako Patria da nabarmenena, zazpi izendapen ditu eta, gehienak aktoreentzat: Ane Gabarain eta Elena Irureta (aktore nagusirik onenen atalean), eta Loreto Mauleón, Susana Abaitua, Eneko Sagardoi eta Mikel Laskurain (bigarren mailako aktoreak). 

Álex de la Iglesia bilbotarraren 30 monedas be faboritoen artean dago. Sei izendapen ditu oraintsu estreinautako telesailak. Diego San José gipuzkoarraren Vamos Juan komediako telesailik onenaren kategorian hautagai da. 

Feroz sariak zezeilaren 8an emongo ditue, Alcobendaseko antzokian. Antolatzaileen asmoa gala presentziala egitea da.

Izendapen guztien zerrendea hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu