2021eko FANT jaialdira filmak aurkezteko epea zabaldu dabe
2020-12-07 11:08 ZinemeaZezeilaren 21era arteko astia dabe sortzaileek.
2020ko edizinoa amaitu eta berehala, hurrengo urtekoan pentsetan hasi dira Bilboko FANT jaialdiko arduradunak. Fantasiazko eta bildurrezko zinemagintzeari eskainitako festibalaren 2021eko edizinoan parte hartu nahi daben egileek euren proposamenak bialdu leikiez dagoeneko.
Maiatzaren 7tik 14ra egingo dabe FANT datorren urtean. Filmak aurkezteko epea, baina, lehenago amaituko da, zezeilaren 21ean, ondoren sail ofizialeko eta ganerako ataletako lanak aukeratzeko. Filmak aurkezteko argibideak laster argitaratuko ditue webgunean.
Betiko moduan, sari ugari egongo dira jokoan. Film luzeen atalean, Sail Ofizialeko irabazleari 3.500 euro emongo deutsez, beraz, aurreko urteetako kopuruari eutsko deutse. Panorama saileko film onenak 2.250 euro jasoko ditu. Gidoi Onenaren Saria (Euskal Gidoilarien Alkarteak emoten dau) eta Zuzendaritza Barritzaileenaren Saria (FAS zineklubak emonda) be egongo dira. Bestetik, fantasiazko zinemagintzan ekarpen esanguratsua egin dauen norbanako bati Fantrobia saria emongo deutse antolatzaileek.
Ikusteko dago Covid-19aren pandemiak 2021eko edizinoari zelan eragiten deutsan. Aurtengo edizinoa maiatzetik zemendira atzeratu behar izan eben, eta, ganera, aldaketa handiak egon ziran formatuan, segurtasun neurriak bete ahal izateko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!