Gernikako Marijesiak desbardinak izango dira aurten
2020-12-01 13:48 KultureaPandemiagaitik, zentzunez jokatu beharra azpimarratu dabe antolatzaileek.
Gabonak hurreratu ahala, Marijesiak antolatzeko lana hasi dabe Bizkaiko hainbat herritan. Gernikan, barikuan, zemendiaren 27an egin eben batzarra, ardura nagusi bat buruan: Covid-19aren pandemiak zelan eragingo deutsen aurtengo Marijesiei. Gauza bat garbi dabe, hau da, aurreko urteetakoakaz alderatuta desbardinak izango dirala aurtengoak. Tradizinoari eutsiko deutsie, modu sinbolikoan bada be.
Zentzunez jokatu beharra daukagu eta neurri zehatzak hartu beharko dira, azaldu dabe Gernikako marijesiek. Besteak beste, honakoetan igarriko dira aldeak: ordua, iraupena eta errondak, kantarien kopuru mugatua, tortimortxirik ez, azken eguneko dirua be ez da batuko, eta parte-hartze librerik ez da egongo. Dana dala, ez dira behin betiko erabagiak, pandemiak gorabeherak izan leikezalako hemendik abenduaren 16ra (egun horretako gauean dira hastekoak errondak).
Gabon gauera arteko bederatzi gauetan egiten dira Gernikan Marijesiak. Abeslari bakarlariak gidari dirala, talde zabalak urteten dau kalerik kale, belaunaldiz belaunaldi jasotako koplak kantetan. Erlijinoagaz lotutako ohiturea baino gehiago bihurtu da Gernikan, herritarren artean dauen estimuagaitik. Emozino moduko bat izaten dogu gernikarrok, gure identidadearen ikur bihurtu da, kontau deusku Amagoia Lopez de Larruzea marijesiak. Gernikar bati Marijesiak aitatu ezkero, begiak biztuten jakoz beti.
Pandemiak oztopoak sortuko dituan arren, belaunaldi barriak pixkanaka sartzen hasi dira Marijesietan. Igaz lehenengoz urten eban bakarlari Alex Uriarte gazteak. Ondarea eta tradizinoa da gehiago, gernikartasuna, identidade-ikurra, hain zuzen be, kristinautasun kontu bat baino, dino berak. Ganera, euskerearen zein literaturearen arloei erreparauta be sano interesgarriak dira koplak.
Kontuak kontu, Marijesien ohitureari eustea da gernikarren asmoa aurtengo abenduan, Covid-19ak aldaketa eta murrizketa asko egitera behartuko dituan arren.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!