Bego Vicarioren 'Ehiza', 43. Euskal Zinema Bilerako film onena

Bizkaie! 2020-11-30 08:35   Zinemea

Aitor Mendilibar eta Ibon Goikoren Irten barrura filmak irabazi dau Zuzendaritza Onenaren Saria.

Lekeitioko Euskal Zinema Bilerearen 43. edizinoa berezi-berezia izan da, pandemiaren eraginez online egin dituelako ekitaldiak. Sail ofizialeko 19 filmak be webgunearen bidez ikusi ahal izan dira. Edozelan be, ikusleak eta epaimahaia pozik ixteko moduko lanak izan dira. Sekulako mailea egon dala adierazo dabe hiru epaimahaikideek, Aitor Oñederrak, Erika Olaizolak eta Mikel Ruedak: Genero eta izakera oso ezbardinetako lanak ikusi ahal izan doguz jaialdian, eta, aniztasun horren bidez, istorio ikusgarri eta interesgarriez gozetako aukerea egon da.

Hiru sail nagusitan banatu ditue sariak: Film onena, zuzendaritzarik onena eta gidoirik onena. Film onenaren Urrezko Antzarra Bego Vicarioren Ehiza pelikuleari emon deutse. Epaileek nabarmendu dabenez, proposamen ausarta eta animazino lan ikusgarria da, rotoskopia teknikea eta erritmoa bikain erabilita.

Zuzendaritza onenaren saria Aitor Mendilibar eta Ibon Goikoren Irten barrura filmarentzat izan da. Epaileek nabarmendu dabenez, begirada berezi eta erakargarria aurkezteagaitik emon deutse Zidarrezko Antzarra. Gidorik onenaren garaikurra, bestetik, Imanol G. Gurrutxagak eskuratu dau, Nigandik lanerako idatzitakoagaitik. Isiltasun eta begiradakaz errealidade garden bat aurkezten dau filmak, dinoe epaimahaikoek.

Hiru sari nagusiez gan, bestelakoak be badagoz 43. Zinema Bilerako palmaresean. Epaileek aitamen berezia egin deutse Ekain Albitek zuzendutako Haizearen egia filmari, saharar eta euskal kulturearen arteko talkea azaltzeagaitik. Filmak begirada lausotua aurkezten dauela azpimarratu dabe, flashback eta narratiba tenporala buztartuta.

Bestetik, EiTBren lankidetzeagaz emoten dan Ikusleen Saria Nigandik-ek irabazi dau, hau da, Gidoi onenarena eskuratu dauen berak. Era berean, Euskal Zine Bilerako epaile eta antolatzaileek parte-hartzaile guztiak zoriondu nahi izan ditue, baita webgunean egunero-egunero jaialdia segidu daben ikus-entzuleak be. 

Sariak banatzeko ekitaldia Aitor Abaroak eta Ana Goitiak aurkeztu dabe, eta, lekuan bertan publikorik egon ez dan arren, online ikusi ahal izan da. Ekitaldi horretan, sarien barri emoteaz gan, Euskal Zinemearen Begiradea ekitaldia egin dabe, bertoko zinemagintzan ekarpen oparoa egin daben sortzaileak omentzeko asmoz. Aurten, Pascal Gaigne musikaria gogoratu dau Euskal Zine Bilereak. La Trinchera Infinita, Dantza, Handia, Errementari eta beste film askotan entzun leiteke berak sortutako musikea. 

Ikusi amaierako galearen bideoa hemen.

Aitor Abaroa eta Ana Goitia aurkezleak (argazkia: Euskal Zine Bilera).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu