'Rueda': Hurrekoen letrakaz jositako Rafa Ruedaren azken lana

Bizkaie! 2020-11-27 13:34   Musikea

Gitarrea, ahotsa, elektronikea eta literaturea buztartu ditu. 

Bizkaitarraren bakarkako seigarren lan luzea da gaur kaleratu dauana, zortzi abestiz osotuta dagoana. Orain arte aukeratu ez dauan hautu estetiko bat ageri da obra barrian; hori dala-ta disko hau mugarria da Rafa Ruedaren bakarkako ibilbide musikalean. Uri Kristalezkoa izeneko aurreko lanean, ordura arte jorratu bako bideak urratu zituan Mungiakoak. Oraingoan, ostera, abiapuntu haretatik beste helmuga baterantz abiatu da.

Aldaketa hori, besteak beste, abesteko moduan igarten jako; horrezaz gan, esperimentazinorako pasinoa erakusten dau, gitarrea, ahotsa eta elektronikea buztartuz. Lan minimala da: pausadua, heldutasunetik edertasunari ateak parez pare edegiteko saiakera argi eta garbia. Ahalegin musikal horren baitan, bidelagun izan ditu Euskal Herriko zein munduko hainbat idazleen testuak: Inge Mullerrek, Joseba Sarrionandiak, Iñigo Astizez, Audre Lordek, Mari Luz Estebanek, Josu Goikoetxeak eta Elena Olabek parte hartu dabe, hurranez hurran, lan barri honen letragintzean.

Etenik bako bilaketa estetikoan, mungiarra eroso dago, Rueda obra honegaz. Nabarmendu beharreko puntuen artean, besteak beste, 30 ahots gaztez osotutako Euskeria abesbatzeak hainbat kantutan egin dauan parte hartzea dago. Horrek ikustarazoten dau, Rueda disko barriko musika-tresna inportanteena ahotsa bera dala.

2003an hasitako ibilbidearen barrenean, idazleakaz eta literatureagaz lotura estua izan dau Rafa Ruedak, bai diskoak bere izenez sinatu dituanean, baita beste sortzaile batzukaz alkarlanean ondu dituanean be; horreen artean, kasurako, Kirmen Uribe, Mikel Urdangarin, Bingen Mendizabal eta Mikel Valverde dagoz. Hain zuzen be, alkarlanean sorturiko lanik esanguratsuenak ondorengoak ditu: Zaharregia, txikiegia, agian, Jainko txiki eta jostalari ha, Ehungarrenean hamaika, Haragizkoa, Gabrielen Lekua edo Gure oroitzapenak.

Rafa Ruedak, laster, hamarkada bi egingo ditu berak idatziko letrak zein beste idazle batzuenak kantetan. Lan barri honen aurrerapen-abestia Zart sortzaile-kolektiboagaz alkarlanean argitaratu dau eta diskoa bera edegiten dauana da: Iges puntua

Rueda disko barriko kantuak:

  1. Iges puntua (Elena Olave).
  2. Foto zaharrak (Iñigo Astiz).
  3. Hokusairen olatua (Joseba Sarrionandia).
  4. Zahartzeko modurik onena (Mari Luz Esteban).
  5. Neguko langileak (Josu Goikoetxea).
  6. Bide erdian (Rafa Rueda).
  7. Leun bazatoz (A. Lorde)Zerua bakarrik da… (I. Müller).

Rueda 2020ko garagarrila eta urria bitartean Bilboko El Tigre estudioetan grabau eta nahastua izan zan. Ostean, Mamia Estudioan Jonan Ordorikak masterizau eban.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu