Bilboko Arte Eder Museoa handitzeko eta barritzeko Plan Berezia
2020-11-26 10:32 Pil-pileanBilboko Udalbatzarrak uriburuko museoaren Plan Berezia behin betiko onartu dau gaur.
Dokumentua bagilean aurkeztu zan Plangintzako Aholku Batzordean eta, ondoren, garagarrilaren 29an, Gobernu Batzordeak hasierako onarpena emon eutson. Onarpen horren ostean, jentaurrean jarteko aldia hasi zan eta, tarte horretan, alegazino bana egin ziran; gaurko batzarrean ezetsi egin dira horreek biak. Plan Bereziak administrazino-eskudunen edo eraginpekoen aldeko txostenak ditu (Abiazino Zibila, Ur Partzuergoa, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila eta Garraio Saila...), eta Obretako, Uri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoen Sailak planaren edukina ontzat emoten daben udal-txostenak be eskatu ditu.
Orain arte, Arte Eder Museoa 1998an onartutako Plan Bereziaren arabera antolatzen zan sail urbanistikoan, orduan egin zalako azken zabalkundea. 2019an, nazinoarteko lehiaketa baterako deialdia egin zan, museoaren gaur egungo erakusketa-beharrak handitzeko eta egokitzeko aukerea emongo eban proiektu bat aukeratzeko. Irabazlea Foster+Partners & LM Uriarte Arkitektura ABEE izan zan, eta horren arabera idatzi da Plan Berezi barria.
Plan horretan proponidutako antolaketeak helburu honeek ditu:
- Arriaga patioari eustea, museoaren zerbitzurako espazio lez.
- Chillida plazea errespetetea, museoaren zerbitzurako espazio lez.
- Arbolarik handienak jagotea.
- Lehendik dagozan eraikinak errespetetea, eta handitzearen ondoriozko espazioak zein erabilerak integretako eta berrantolatzeko egin beharreko esku-hartzeak proponidutea.
- Museoko jatorrizko sarrerea berreskuretea, lehenengo eraikinaren sarreratik.
Horreek danak oinarri hartuta, Arte Eder Museoaren handitze eta barrizte-proiekturako Plan Berezian esku-hartze nagusiak honakoak izango dira:
- Bolumen eraikin barri bat sortzea, pisu bikoa, Arriaga patioaren eta egungo museoaren estalkiaren gainetik, mendebaldeko fatxadearen ganean.
- Jatorrizko sarrerea berreskuratuko da, mailadi barri bat eginaz, irisgarritasunari konponbidea emonaz.
- Sarrerearen eta Arriaga patioaren arteko loturea jatorrizko eraikinaren hegoaldeko fatxadea urratuaz egingo da, eta patioari beirazko itxiturea egingo jako.
- Eraikina husteko eskilara barri bat eraikiko da, ekialdeko fatxada handitzeko osogaiaren ertzean bermatuaz.
- Egitura eroale bi altzauko dira: Arriaga patioaren eta mendebaldeko fatxadearen kanpoaldean.
Edukinari jagokonez, planak dino ez dala aldatuko museoari atxikitako eremua, eta eraigigarritasun baimendua 148 metro koadro handituko dala sestrearen azpitik, eta 7.400 metro koadro baino gehiago sestrearen gainetik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!