UPV/EHUko errektorea aukeratzeko hauteskundeak gaur
2020-11-26 08:05 Pil-pileanDanetara, 48.207 lagunek emon leikie botoa.
Zemendiaren 26an, UPV/EHUko kideek errektorea aukeratzeko hauteskundeetako botazinoa egingo da. Hauteslekuak 9:00etatik 17:00etara egongo dira edegita. Irakasleek eta ikasleek kasuan kasuko ikastegian emon behar dabe botoa, eta administrazino eta zerbitzuetako langileek jagoken campusean.
Euskal Herriko Unibersidadeko errektorea sufragio unibersal haztatuaren bidez hautatzen da.
Unibersidadeko komunidadea osotzen daben 48.207 personak bost taldetan banatzen dira: unibersidadeagaz lotura iraunkorra daben 2.114 irakasle doktore; unibersidadeagaz lotura iraunkorra daben 179 irakasle ez doktore; gainerako 3.199 irakasle eta ikertzaile; 40.819 ikasle eta administrazino eta zerbitzuetako 1.896 langile. Esan bezela, botoa haztatua da: irakasle doktore iraunkorrei % 56,25 jagoke; irakasle iraunkor ez-doktoreei, % 7,50; gainerako irakasle eta ikertzaileei, % 2,09; ikasleei % 22,08; eta, azkenik, administrazino eta zerbitzuetako beharginei, % 12,08.
Danetara, 57 hauteskunde-mahai eratuko dira. Kide batzuek dagoeneko botoa emon dabe, aldez aurretik, zemendiaren 9tik 23ra.
Hautagaitza bakarra, Ekonomia Aplikatuko katedradun Eva Ferreira buru dauena danez, aldeko botoa edo boto zuria besterik ezin izango da emon
Hautagai hori hautetsia izateko, nahikoa izango da emondako botoen herena lortzea, egin beharreko haztapenak eginda. Hauteskundeen behin betiko emoitzea abenduaren 4an aldarrikatuko da, inpugnazinoetarako epea amaitu ondoren.
Nekane Balluerka errektoreak goizeko 9:30ean emongo dau botoa Psikologia Fakultadean (Tolosa etorbidea 70, Donostia). Arratsaldean, 20:00etatik aurrera, Bizkaia Aretoan (Abandoibarra 3, Bilbo), Nekane Balluerka errektoreak hauteskundeetako behin-behineko emoitzak jakinarazoko ditu. Errektoreagaz batera egongo dira Pedro Iriondo idazkari nagusia eta emoitzak balorauko dituan errektore izateko hautagai Eva Ferreira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!