UPV/EHUk Menina Saria jaso dau
2020-11-24 13:56 Pil-pileanProiektu edo ekimen publikoen atalean lortu dau sari hori.
Euskal Autonomia Erkidegoko Ordezkaritzeak antolatzen ditu Menina Sariak, eta 2020an laugarren edizinoa bete dabe. Emakumearen kontrako edozein indarkeria-mota desagerrarazoteko autonomia erkidegoko erakunde, alkarte, erakunde eta partikularrek egindako lana aintzatesten eta babesten dabe sariok. Ekitaldian izan da Denis Itxaso, Espainiako Gobernuko euskal ordezkaria be. Nekane Balluerka errektoreak jaso dau saria, UPV/EHUren izenean. Ekitaldia Gobernuko lehen presidenteorde Carmen Calvok zarratu dau, streaming bidez.
IV edizino honetan, hiru izan dira saridunak: EHUgaz batera, Eibarko Udaleko Emakumearen Mahaiaren lana autortu dabe, euskal gizarte kolektibo atalean; baita Lourdes Pérez kazetari eta Diario Vascoko zuzendariordea be, genero-indarkeriaren aurkako burrukean lan nabarmena egin dauan euskal herritar moduan.
Genero Indarkeriaren kontrako Protokoloa
EHUk Genero Indarkeriaren kontrako Protokoloa onartu eban, 2018 urtean. Protokoloaren helburua honako mekanismo honeek ezartzea da: UPV/EHUko edozein espaziotan edo unibersidade-komunidadea osotzen daben personek bizi dituen edo bizi izan dituen indarkeriak identifiketako eta jorratzeko, bai unibersidadeko espazio fisikotik kanpo, bai barruan gertatzen diran genero-indarkeriak identifiketea eta heltzea ahalbidetzen dituenak. Baita UPV/EHUgaz lotutako komunikabide birtualen edo sinbolikoen bidez gertatzen badira be. Horretarako, protokolo honek UPV/EHUren ustez genero-indarkerien kontzeptuan sartuta dagozan jarrerak eta portaerak zeintzuk diran jasoten dau; horregaz batera, indarkeria horiek bizi dituzten personek egin beharrekoak, kasu horreetan jarraitu beharreko prozedurea eta unibersidadeak pertsona horreeri laguntzeko eta indarkeria horreek sortzen dituen egoerei aurre egiteko hartu beharreko neurriak be zehazten dira.
Unibersidadeak uste dau genero-indarkeria dakarren jarrerek bardintasunerako eskubidearen eta personen osotasun fisiko, psikiko eta duintasunerako eskubidearen kontra egiten dabeela. Protokolo hau ikasleak, administrazino eta zerbitzuetako langileak, ikertzaileak eta irakasleak bizi diran genero-indarkerien adierazpen guztiei aplikatzen jake, UPV/EHUgaz loturea badabe. Ganera, UPV/EHUko kolektiboetako kideei eta bertan zerbitzuak emoten dituen kanpoko enpresetako pertsonei apliketan jake, baita aurreko kolektiboetako baten be ez dagozan baina UPV/EHUk emondako zerbitzuen erabiltzaile diran edo personei be.
Saria jaso ostean, UPV/EHUko errektoreak protokoloaren lorpenak azaldu ditu: Indarrean egon dan bi urteetan 52 emakume jaso ditugu. Horreetako askok istorio latzak ditue: mingarriak eta konpontzeko zailak. Beste batzuk, barriz, gertaera puntualagoak bizi ditue eta, esku-hartze on bategaz, berbideratu eta kontrolau egiten dira; jarraitzeko adorea eta indarra emoten deuskue. Baina hunkigarriena, niretzat, protokoloaren dimensino politiko eta soziala da, unibersidadeko kide guztien kontzientzia aktibau baitau. Urtero, 500 lagunetik gora doaz informazino-saioetara; bazter guztietan dago kasu honeetan emon beharreko urratsei buruzko informazino argia; urtero saria emoyen deutsagu protokoloa zabaltzeko kartelik onenari; 1000tik gora partaide izaten dira bardintasunari buruzko tailer eta prestakuntza-ikastaroetan. Honezkero, inor ez da geldi geratzen egoera horreen aurrean, eta, horrek, bai, itxaropenez beteten gaitu: orain, Bardintasunerako Zuzendaritzara deitzen dabe, eta jazarpena sufridu daben emakume horreen ondoan egoteko konpromisoa hartzen dogu; zaindu egiten ditugu, babestu, estimatu eta maitatu.
Errektoreak gonbitea egin deutse administrazinoei eta enpresei unibersidadeko protokoloa ezagutzeko, euren erakundeetan antzeko neurriak zehazteko oinarri izan daitekeelakoan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!