'Datorren zinemea' ekimena martxan da
2020-11-23 12:04 ZinemeaBilboko Udala eta Alondegiko Golem zinemak alkartu egin dira, etzi hasiko dan egile-zinemearen zikloa urira ekarteko.
Egitasmoa zemendiaren 25a eta abenduaren 1a bitartean egingo da: Datorren zinemea-ren barruan, Alondegiko Golem zinema-aretoek egunero film bat emongo dabe. Hainbat banaketa-enpresagaz alkarlanean antolatuta, urteko zazpi film esanguratsuenetakoak proiektatuko dira, Berlineko, Veneziako, Torontoko eta Donostiako jaialdietan sarituak. Film horreek Frantzia, Erresuma Batua, Danimarka, Irlanda, Txekiar Errepublika eta Italiakoak dira.
Danak jatorrizko bersinoan eta gaztelaniazko azpitituluakaz emoteaz gain, zinemearen arloko aditu ospetsuek aurkeztuko ditue, ikusleak emonaldi bakotxaren testuinguruan kokatzeko. Dramatik komedia erromantikora arteko generoak barne hartzen dituenn film horreek ikusteko sarrerak Golem-en webgunean eta zinemetako leihatiletan eros daitekez.
Datorren zinemea: Programazinoa
- Zemendiaren 25a, 19:00etan: Borrar el historial, Benoît Deléphine. Frantzia, 2020.
Aurkezpena Jose Luis Cienfuegosek, Sevillan egiten dan Zinema Europarreko Jaialdiko zuzendariak, egingo dau.
Probintzietako auzo bateko hiru bizilagunek hainbat arazo ditue sare sozialakaz, Internetagaz eta telebisteagaz, eta urtenbide bat topetan saiatzen dira erraldoi teknologikoei gerrea deklaratuaz. Film honek Zilarrezko Hartza irabazi eban Berlingo Zinemaldian.
- Zemendiaren 26a, 19:00etan: Drunk (Another Round), Thomas Vinterberg. Danimarka, 2020.
Aurkezpena Andrea Bermejok, zineari buruzko Cinemanía aldizkariko erredakzino-buruak, egingo dau.
Lau irakaslek esperimentu soziologiko bati ekin deutse. Esperimentu horretan, bakotxak bere gorputzeko alkohol-taseari eutsi beharko deutso eguneroko bizitza-maila berean, eta saiatu beharko da erakusten, hartara, hobetu egin leikiela euren biziko alderdi guztiatan. Baina, esperimentuaren ondorioz, betiko aldatuko dira. Film hau Donostiako Zinemaldiko Film Onenaren, Zuzendaritzearen, Aktorearen eta Gidoiaren Sarirako izendatu eben; Kritikearen eta Aktore Onenaren Feroz Saria eskuratu eban Donostian, eta Film Onenaren Saria irabazi BFI London Film Festival jaialdian.
- Zemendiaren 27a, 19:00etan: Charlatan, Agnieszka Holland. Txekia, 2020.
Aurkezpena Pepa Blanesek egingo dau, Ser irratiko kultura-saileko erredaktore-buru eta Movistar+ eko La Script saioaren zuzendarikideak.
Europako Zinemearen Sarietan zuzendari onenaren sarirako izendatu eben drama honek, besteak beste, 50eko hamarkadan aparteko trebetasunak zituan gizon baten istorioa kontetan dau.
- Zemendiaren 28a, 18:30etan: Crock of Gold: A few Rounds with Shane MacGowan, Julien Temple. Irlanda, 2020.
Aurkezpena Begoña Piñak egingo dau, Público egunkariko zinema-arloko kazetari eta CIMA Emakume Zinemagileen eta Ikus-entzunezko Hedabideen Taldea komunikazino-zuzendariak.
Taldearen eta MacGowanen familiaren artxiboko irudi ezezagunak konbinatuaz, Ralph Steadman ilustratzailearen animazinoakaz batera, Crock of Gold Shane MacGowan poeta irlandarra eta The Pogues-eko abeslari eta konpositore nagusiaren ospakizuna da. Johnny Depp-ek ekoitzia da filma,eta Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi eban Donostiako Zinemaldian.
- Zemendiaren 29a, 18:30etan: Martin Eden, Pietro Marcello. Italia, 2019.
Aurkezpena Gregorio Belinchónek egingo dau, El Pais egunkariko zinema-arloko kazetariak.
Martin Eden herri bateko mutikoa da eta marinel lez lan egiten dau. Halako baten, Arthur Morse goi-mailako gaztearen bizitzea salbau dau Martinek. San Frantziskon bizi da Morse. Eskerrak emoteko, Arthurrek etxera konbidau dau Martin,eta, apurka-apurka, bere bizimoduan sartu dau. Gazteak aukera bat ikusten dau azkenean idazle bihurtzeko, eta lujuen arteko denporea ahalik eta gehien aprobetxetan saiatzen da. Martinek uste bako bultzada bat jaso dau Ruth gaztea ezagutu dauanean, haregaz maitemindu baita berehala. Film hau Film Onenaren, Zuzendaritzearen, Aktorearen eta Gidoiaren Sarirako izendatu eben Europako Zinemearen Sarietan; Nazinoarteko Film Onenaren Sarirako, Gotham Sarietan; Gidoi Onenaren sarirako, Donatello Sarietan. Ganera, Veneziako Zinemaldian Aktore Onenaren Saria irabazi eban eta Sevillako Zinemaldian Film Onenaren Urrezko Giraldillo Saria.
- Zemendiaren 30a, 19:00etan: Perfumes, Grégory Magne. Frantzia, 2020.
Aurkezpena Gerardo Sánchez-ek egingo dau, TVEko Días de cine saioaren zuzendariak.
Anne Walberg lurrinen munduko izarra da. Lurrinak sortzen ditu eta bere talentu izugarria mota guztietako enpresei saltzen deutse. Jainkosa baten pare bizi da: berekoia da eta izaera handikoa. Guillaume da haren gidari barria, eta bere inguruko persona bakarra da arpegia jartzeko bildurrik ez daukana. Horrexegaitik ez dau kaleratzen. Mundu oso desbardinen arteko talkea da, harreman zentzubako eta dibertigarria sortzen dabena, eta, aldi berean, guztiz bapatekoa.
- Abenduaren 1a, 19:00etan: The Father, Florian Zeller. Erresuma Batua, 2020.
Aurkezpena Jose Fernándezek egingo dau, TVEko barri-saioetako kultura arloko zuzendari ondokoak.
Anthony (Anthony Hopkins) 80 urteko gizon garratza da, bihurri samarra eta bakarrik bizitzea erabagi dauana. Anne alabeak (Olivia Colman) etxean laguntzeko kontratau nahi dituan zaintzaile guztiak baztertu ditu. Anne etsita dago, ezin baitau egunero bisitau eta aitaren buruak huts egiten dauala eta errealidadetik geroz eta gehiago deskonektetan dala sentitzen daualako. Oroitzapenen joan-etorrietan, zenbat gogoratu ahal izango dozu, denporea igaro ahala? Anne aitaren pixkanakako galerea jasaten ari da, bere burua hondatu ahala, baina berak ez al dauka bere bizia biziteko eskubiderik? Film honek Ikusleen Saria jaso ebn Donostiako Zinemaldian.
Bilbao Aurrera
Ziklo hau #BilbaoAurrera planaren barruan dago. Gizarte-, ekonomia- eta kultura-larrialdietarako programa honek 15 milioa euro ditu eta 50 neurri baino gehiago COVID-19ak personakan eta enpresetan eragindako osasun-krisiaren ondorioak arintzeko, suspertzeko eta berreskuratzeko. Bilboko Udaleko talde politiko guztiek egin eta adostu dabe plan hori. Programazino guztian zorrotz jarraituko dira osasun-agintariek markautako protokoloak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!