Goya sarietarako izentapen ugari jaso ditue euskal film laburrek

Bizkaie! 2020-11-18 08:10   Zinemea

Bost euskal film labur aukeratu ditu Zinema Akademiak

Euskal zinemeak aintzatespen garrantzitsuak jasoten jarraitzen dau mundu osoan. Atzo, Espainiako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiak Animazinoko Film Labur Onena, Dokumental Labur Onena eta Fikzinoko Film Labur Onena kategorietan lehiatzeko hautatutako 35 film laburren zerrendea emon eban ezagutzera eta bost euskal produkzino dagoz aukeratutako lanen artean.

Animazino kategorian Homeless Home dago, Alberto Vázquezek zuzendutakoa eta Uniko Films zein Autour de Minuit etxeek produzidutakoa. Lan hori Annecyko Nazinoarteko Animazino Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinau eben, munduko animazino-jaialdirik garrantzitsuenean eta, gainera, Epaimahaiaren Saria irabazi eban. Hain zuzen, sari hori lortu dauen estaduko lehen film laburra izan da. Era berean, lehen mailako nazinoarteko 40 izentapen baino gehiago dituala helduko da filma hitzordura. Alberto Vázquezek umezaroan irakurritako Erdi Aroko fantasietan oinarritzen da laburra eta krisi ekonomikoaren ondorioz persona asko jaioterrira bueltan doala erakusten dau, ogroaren, orkearen eta sorginaren arteko maitasun-triangeluaren bidez.

Solo son peces eta Before I Die dira dokumental kategorian hautatutako euskal film laburrak. Lehenengoa Ana Sernaren eta Paula Iglesiasen lana da. Teslem, Dehba eta Jadija izeneko hiru emakume aljeriarren istorioa azaltzen dau: hiruek arrain-haztegi batean lan egiten dabe, Saharako errefuxiatuentzako kanpamentuetan. Bestalde, Before I Die laburrak, Iker Esteibarlanda zuzendariaren bigarren lanak, Lago Victoria ugarte txikiko neska kenyar baten istorioa dakar. Bertan arrantzaleek edozertarako eskubidea dabe, emakumeak eta neskak isiltasunaren zama astuna hartzen behartuta dagozan bitartean. Visual Comunicación etzeak produzidutako lan honetako protagonisteak bere istorioa kontetea erabagiten dau, zamak gainetik kentzeko eta itxaropenerako bidea topetako.

Era berean, euskal produkzino bik Goya saria jasoteko aukerea dabe fikzinoko film labur onenaren kategorian; horreen artean Mateoren ama dago, Moriarti lantaldearen produkzinoa, La Trinchera Infinita filmari esker Oscar sarietarako bidean dagozan Aitor Arregik eta Jose Mari Goenagak zuzendutakoa. Angel Mariren istorioa dakar lanak: denporaldi luze batean ama ikusi barik egon ondoren, zaharren egoitzara bisitan joatea erabagiten dau. Semeak ezin dau jasan ama edadeko emakume baten larrupean desagertu dala eta senidekoak ezagutzen ez dituala ikustea.

Amania Filmsen ‘Un coche cualquiera’ film laburra be hautatu dabe. Zuzendaria David Pérez Sañudo da eta aurten bolada bikaina bizi dau, haren lehen filmak (‘Ane’) izan dauen erantzun bikainagaitik. Manuelen istorioa kontetan deusku film laburrak: protagonistak ezin dau bere autoan sartu kalean topetan dituan hiru tipok galarazo egiten deutselako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu