39. TXFEST Jaialdia, Bilbon
2020-11-17 12:47 KultureaFestibalaren programazinoa gaur aurkeztu dabe Campos Eliseos Antzokian, goizeko 11:30ean.
Prentsaurrekoan, Pagoa Alkarteko zuzendaritza-kideakaz batera, Aitziber Atorrasagasti, Eusko Jaurlaritzako Kultura zuzendaria eta Mikel Etxebarria Bizkaiko Diputazinoko Kultur Ekintzako zuzendaria izan dira. Urtero lez, Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak jaialdiaren antolakuntzeari bultzakada ekonomikoa emon deutse.
Aurten be, txontxongilo eta objektu animatuek Bilboko ume eta familiakaz daben hitzordua berresten dabe, proposamen artistiko berriakaz. 2020ko zemendiaren 21etik 29ra izango dan Bilboko Nazinoarteko Txontxongilo Jaialdiaren 39. edizino honetan, Estaduko Autonomia Erkidegoetatik eta ingurutik hainbat konpainia etorriko dira eta festibala, beraz, lekuko txontxongilo-produkzino artitiskoaren erakusleiho bihurtuko da.
Emonaldi gehienak Campos Elíseos antzokiko Cupula aretoan izango dira arratsaldeko 18:30ean; dana dala, kulturea urigunetik atarateko asmoz, Bilboko auzoetan eta inguruko herrietan ekintzak egingo dira: Otxarkoagan, Basurtun, Errekalden, San Frantziskon, Arrigorriagan, Areatzan, Larrabetzun eta Lezaman.
Jordi Beltran, EL Patio, Tiratafloja, Anita Maravillas, Los Titiriteros de Binefar, La Puntual edota The Moving Compass dira, besteak beste, aurtengo edizinoan parte hartuko daben konpainiak. Ikuskizunen hizkuntzeari jagokonez, sei berbarik bakoak izango dira; beste lau, aldiz, euskeraz eta bi gaztelaniaz.
TXFESTeko zuzendari Juanjo Corralesek adierazo dauanaren arabera, alkargunea eta, era berean, ekitaldi guztiz soziala izan gura dogu, gure ikusleak antzerki-saioetara etor daitezala gonbidatuaz; bertan, lengoaia artistikoaz gozetea bilatuko dogu, txotxongiloen eta objektu bizidunen munduko teknika-oparotasuna eurentzako ohitura eta ezustea bihurtu daiten. Gure publikoa oso zabala da. Edizino honetan aurkeztu diran ikuskizunek eta konpainiek jomuga honetan laguntzen gaitue. Era berean, txontxongilo-antzerkia publiko helduentzat be badala aldarrikatu gura dogu eta bere benetako balioa berreskuratu, hau da, umeentzat baino ez dala dinoan idea zaharragaz apurtu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!