Ohorezko Mikeldiak: Jean-Pierre eta Luc Dardenne, Ana Murugarren eta Maria Eugenia Salaverri
2020-11-13 11:54 ZinemeaGaur hasiko da 62. Zinebi, euskal film laburren proiekzinoagaz
Bilboko Udalak atondutako Zinebi – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiak Arriaga Antzokian ekingo deutso 62. edizinoari gaur, zemendiak 13, arratsaldeko 18:30etatik aurrera, Ohorezko Mikeldia irabazi daben Jean-Pierre eta Luc Dardenne zinemagile belgikarrei, Ana Murugarren zuzendari, gidoilari eta muntatzaileari eta Maria Eugenia Salaverri idazle, gidoilari eta Euskadiko Idazleen Alkarteko presidenteari egingo deutsen omenaldiaren ondoren ikusi ahal izango dira euskal film laburrak.
Lehiaketan parte hartzen daben zazpi euskal film laburrak inaugurazino-galearen amaieran izango dira ikusgai. Inaugurazio-gala horretan, Sra. Polaroiska kolektibo artistikoak zuzenduta, Alaitz Arenzana eta María Ibarretxe, Zinebi 62k, batetik, Europako gizarte-zinemaren ahotsik sendoenetako bat—Dardenne anaiena—, eta, bestetik, Bizkaiko zinemako aitzindari bik 1980ko eta 90eko hamarkadetan egindako lana —María Eugenia Salaverri idazle, gidoilari, produktore eta Euskadiko Idazleen Alkarteko lehendakaria, 2012tik, eta Ana Murugarren Marcillan (Nafarroa) jaiotako zuzendari, gidoilari eta muntatzailea— goraipatuko ditu.
Ondokoak dira euskal film laburrak
1. Ehiza, Hauazkena Taldea kolektiboarena (2020, 5 min. Animazioa). Rafael Ruiz Balerdi artista donostiarrak Homenaje a Tarzán Tarzani omenaldia animazinoko film laburra egin eban 1969an, «jarraituko dau» berbakaz amaitzen zana. Haren jarraipena da Ehiza. Balerdiren proposamen estetikoari jarraitzen deutso baina gure errealidadearen gordintasuna islatzen dau: jazarpena, indarkeria, gerrea eta suntsiketea.
2. Zerua blu, Lur Olaizolarena (2020, 16 min. Dokumentala). 1954ko urtarrilaren 24an, 22 urteko Mamaddi Jaunarenak itsasontzi bat hartu eban Le Havretik New Yorkera. Baina bere bidaia lehenago hasi zan herriko zinema-aretoan, Ortzaizen, pantailatik urten, bizitzea zeharkatu eta inoiz ixten ez daben irudiakaz: Cadillac ederra, neska gaztea, zerua blu.
3. Polvo somos, Estibaliz Urresolarena (2020, 29 min. Fikzinoa). Jaioterrira bueltau da Ane ezustean, aititaren hiletan egoteko. Familiako emakumeakaz tensinoa biziko dau. Itxura arraroa hartuko dau guztiak orduan, kanposantuan irregulartasunak susmatzen hasten danean.
4. Homeless Home, Alberto Vázquezena (2020, 15 min. Animazioa). Inork ezin dau bere erroetatik alde egin, horreek guztiz ustelduta egon arren.
5. Quebrantos, Maria Elorza eta Koldo Almandozena (2020, 8 min. Dokumentala).
- Maite zenuen, ezta?
- Bai. Uste dot orain dala gitxi itxi deutsadala maitatzeari (Interferentziak. Isiluneak. Arrakalak. Emakume bi barriketan. Irrati–grafia bat).
6. Maite, Xabier Larrazabalena (2020, 13 min. Fikzinoa). Autobus bat gelditu da errepidearen ondoan. Neska bat bajatuten da eskuko telefono esku batean dauela eta bestean tindatzen dauen poltsa bat. Azken aldiz telefonoa begiratu ondoren, neskea errepidearen ondoan oinez hasi da eta gurutzatu egin dau. Holan, basoz inguratutako bide batean sartzen da, helmugarantz.
7. Hemen, gaur, barriz, Aitor Gametxorena (dokumentala). Bitor eta Mikel Bilboko Aste Nagusian ezagutu dira. Lehenengo begirada berezia izango da bientzat, baina desbeadin gogoratuko dabe.
Zazpi film horreek ondoko sariak jaso leikiez: Bilboko Jaialdiko Sari Nagusia (7.000 euro), Euskal Film Labur Onenaren Sari Nagusia (6.000 euro), Espainiako Film Labur Onenaren Sari Nagusia (6.000 euro), Mikeldi sariak fikzinoaren, animazinoaren eta film labur dokumentalaren kategorietan (5.000 euro bakoitzak), Publikoaren EITB Saria (3.000 euro) eta Gidoi Onenaren SGAE Fundazinoa Saria (3.000 euro) dira.
62. Zinebi
60 film (21 fikzino, 20 dokumental eta 19 animazino) dagoz lehian 62. Zinebin eta nazinoarteko epaimahaiak ez dau lan errazik izango. Epaimahaia Anette Dujisin ekuadortar zinema programatzaileak, Eugenia Mumenthaler argentinar produktoreak, Izibene Oñederra euskal zuzendari eta produktoreak, Daniel Ribas portugaldar zinema ikertzaile eta idazleak eta Txani Rodríguez euskal idazle, gidoilari eta kazetariak osotuko dabe.
Zinebiren 62. edizinoan filmak zinema-aretoetan erakusteaz gan —beti egin izan dan legez—, COVID-19 pandemiak markau dauen 2020an, jaialdiaren zuzendaritzeak Zinebiren edizino hibrido bat egitea erabagi dau.
Helburu nagusia da publikoarentzat, gonbidatuentzat, komunikabideentzat, langileentzat eta jaialdia egitea posible egiten daben enpresa hornitzaileentzat jaialdi segurua eratzea izan da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!