Zinebik Pablo Maloren 'Olea... ¡Mas alto' aurrestreinauko dau zemendiaren 5ean

Bizkaie! 2020-11-03 08:32   Zinemea

Film-dokumentala Azkuna Zentroan, 19:00etan, aurrestreinauko da.

62. Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiak Bilboko Udalak atondutakoa, zemendiaren 13tik 20ra egingo da.

Maloren filma prentsaurrean aurkeztu dabe Gonzalo Olabarriak, Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantzako zinegotziak; Vanesa Fernándezek, Zinebiko zuzendariak; Pedro Olea zinemagileak; eta Pablo Malo filmaren zuzendariak.

Olea … ¡Más alto! dokumentalak Pedro Olearen kamerearen atzeko lanera hurreratzen dau ikuslea; Olea gaur egungo zinematografiako izenik esanguratsuenetako bat da, bai bost hamarkada baino gehiagoan egindako ibilbideagaitik, urte horreetako bizitza sozial eta politikoari buruzko begirada personalagaitik, bai produkzinoetan jorratu dauen bariedade tematikoagaitik be; ia hogei film luze egin ditu eta TVErako lanetan be ibili da.

Haren lanen artean nabarmentzekoak dira El bosque del lobo (1969), La casa sin fronteras (1972), Tormento (1974), Pim, pam, pum...¡Fuego! (1975), Un hombre llamado Flor de Otoño (1976), Akelarre (1983), El maestro de esgrima (1992), Más allá del jardín (1996) eta Tiempo de tormenta (2003).

Film luze dokumentalaren premièrea Seminciren 64. edizinoan egin eben eta Nanteseko Espagnol Zinemaldiaren 29. edizinoan parte hartu dau. Filmean Pedro Olea berak eta hainbat aktore, laguntzaile eta lagunek parte hartzen dabe, besteak beste, Concha Velasco, José Sacristán, Ana Belén, Joan Manuel Serrat, Víctor Manuel, María Barranco, José Luis Garci, Imanol Arias, Arturo Fernández, Diego Galán, Imanol Uribe, Jorge Ángel Cuervo, Máximo Valverde, Fernando Guillén Cuervo eta Manuel Morónek.

Olea... ¡Más alto! Altube Filmeak eta Sonido Estudiosen produkzinoa da eta RTVEk, EITBk, ICAA-Kultura Ministerioak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak hartu dabe parte.

Pablo Malo gidoilari eta zuzendari donostiarra oso goiz nabarmendu zan El ángel de mármol (1995) eta Jardines deshabitados (2000) film laburretan egindako lanagaitik. Zuzendari legez film luze honeek nabarmentzen dira: Frío sol de invierno (2004), Altadis-Donostiako Zinemaldiko Zuzendari Barrien Saria irabazi ebana; La sombra de nadie (2006), Film Onenaren eta Zuzendari Onenaren ataletan irabazi eban El Mundo al Cine Vasco Sarietan; eta Lasa eta Zabala (2014). Hispania. La leyenda telesaileko kapitulu bi be zuzendu ditu eta film laburrera itzuli da, Tarde para el recreativo (2017) filmari esker. Gidoilari be ibili da eta nabarmentzekoak dira Hasta que vuelvas film laburra edo Anjé, la leyenda del Pirineo animazinoko film luzea.

Olea... ¡Más alto! estreinaldia zemendiaren 6an helduko da zinema guztietara.


62. Zinebi

Aurten, 36 herrialdetako 121 film izango dira lehian, 89 film labur, 5 film ertain eta 27 film luze.

Jaialdia lau atal nagusik osotzen dabe: Lehenengoa, Nazinoarteko Lehiaketearen atal ofiziala, zuzendari barrien lanari eskainita dago eta lehiaketa bitan banatuta dago: Film Laburren Nazinoarteko Lehiaketea eta ZIFF - Zinebi First Film Nazinoarteko Lehiaketea, izenak argi adierazoten dauenez, zuzendari barrien lehenengo lanari eskainitako atala da; Beautiful Docs, dokumentalaren nazinoarteko panoraman jazoten dagoana islatzeko atal ez-lehiakorra; eta Bertoko Begiradak - Miradas Desde Euskadi bildumea, Euskal Herriko ikus-entzunezko industriako produktore, zuzendari, teknikari eta profesionalei eskainitako atala, lehiaketatik kanpo Euskadinproduzidutako film labur eta film luze dokumentalez osotutakoa.

Jaialdian aurkeztuko diran filmeen % 50 baino gehiago emakumeek zuzentzen ditue eta programazinoaren % 50 baino gehiago Espainiako estreinaldiak dira.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu