62. Zinebi hibridoa, zemendiaren 13an hasiko da

Bizkaie! 2020-10-21 13:02   Zinemea

Zinebik izango dau bere hanka digitala be.



Bilboko Udala
k antolatutako Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdia zemendiaren 13an hasiko da Arriaga Antzokian eta hilaren 20an amaituko. Programazioa gaur goizean aurkeztu dabe prentsaurrekoan Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantzako zinegotzi Gonzalo Olabarriak, Kultura eta Hizkuntza Politikarako kontseilari eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak eta Zinebiko zuzendari Vanesa Fernándezek.

Aurten, 36 herrialdetako 121 film aurkeztuko dira, 89 film labur, 5 film ertain eta 27 film luze. Jaialdia lau atal nagusik osotzen dabe: Lehenengoa, Nazinoarteko Lehiaketearen atal ofiziala, zuzendari barrien lanari eskainita dago eta lehiaketa bitan banatuta dago: Film Laburren Nazinoarteko Lehiaketea eta ZIFF – Zinebi First Film Nazinoarteko Lehiaketea; Beautiful Docs, dokumentalaren nazinoarteko panoraman jazotakoa islatzeko atal ez-lehiakorra; eta Bertoko Begiradak – Miradas Desde Euskadi, Euskal Herriko ikus-entzunezko industriako produktore, zuzendari, teknikari eta profesionalei eskainitakoa, lehiaketatik kanpo Euskadin egindako film labur eta film luze dokumentalez osotutakoa. Jaialdian aurkeztuko diran filmeen % 50 baino gehiago emakumeek zuzentzen ditue eta programazinoaren % 50 baino gehiago Espainiako estreinaldiak dira.

Aurkezpenean, Bingen Zupiriak txalotu egin dau Bilboko Udala kultur jarduerei eusteko aparteko ahaleginetan dabilelako. Gaineratu dauenez, aurten Zinebi mundu digitalean be biziko da eta aireratuko da. Pandemiak ekarri dauen gauzetako bat da kultur eduki asko modu digitalean jasoten ditugula eta Zinebik izango dau bere hanka digitala be. Zinemaldi hau eredu dala esan dau Zupiriak: 62. Zinebi sendotu egin da eta aurten gehiago. Garrantzitsua da azpimarratzea euskal produkzinoek Zinebin daben indarra, izan be, aurten ikusiko diran 36 film Euskadin produzidutakoak dira: 29 film labur eta 7 film luze.


Ohorezko Mikeldi Sariak

Sarion bitartez goraipatu eta autortu egingo dira nazinoarteko zinema garaikidean dabizen emakume eta gizon garrantzitsuen ibilbidea eta dimensino artistikoa. Aurten, film laburretatik eta dokumentaletik abiatu diran hiru zinemagile handiri emongo jake garaikurra: Jean-Pierre eta Luc Dardenne belgikarrei, mundu osoko kritikearen eta ikusleen gorazarrea jaso dabelako, Canneseko Jaialdian Urrezko Palma bi irabazi dituen zinemagile horreetakoak dira. Holan, jaialdiak Espainiakako estreinaldien artean, Dardenne anaien lehenengo film luze dokumentaletako baten bersino barritua eskainiko dau, Le chant du rossignol (1977). Bestetik, 80ko eta 90eko hamarkadetatik Bizkaiko zinemearen aitzindari izandako emakume biren lana be autortuko dau Zinebik: Ana Murugarren zuzendari, gidoigile eta muntatzailearen lana batetik eta Maria Eugenia Salaverri idazle, gidoigile eta produktorearena bestetik.


Nazinoarteko Lehiaketea

101 herrialdetatik ekarritako 3.525 film labur aurkeztu dira; horreetatik, Hautaketa Batzordeak 30 herrialdetako 60 aukeratu ditu Sail Ofizialean – Nazinoarteko Lehiaketan parte hartzeko. Lan horreetatik berrogeita hemeretzi Espainiako estreinaldiak izango dira.


62. Zinebiren palmaresa

Zemendiaren 20an jakitera emongo dan palmaresa ondoko sariek osotuko dabe: Bilboko Zinemaldiaren Sari Nagusiak (7.000 euro), Euskal Zinemearen Sari Nagusiak (6.000 euro), Espainiar Zinemearen Sari Nagusiak (6.000 euro), fikzino, animazino eta dokumental kategorietako Mikeldiek (5.000 euro), Ikus-entzuleen ETB Sariak (3.000 euro), SGAE- Gidoi onenaren sariak (3.000 euro), FAS Zineklubaren Sariak (2.000 euro) eta UNICEF saria.


Beautiful Docs

Azpimarratzekoak dira nazinoarteko ospea daben zinemagileen azken lanak. Saila osotzen daben 9 film luze dokumentalen artean dagoz hainbat zinemagile ospetsuen lan barrienenak (Ulrike Ottinger, Frederick Wiseman eta JIA Zhang-ke zuzendarien azken lanak, besteak beste).


Bertoko Begiradak

Sortu barri diran 22 film laburrek eta 7 film luzek osotuko dabe. Honako estreinaldiak nabarmentzen dira: Josu Rekalderen Esther Ferrer Hilos de tiempo lana, diziplina arteko euskal artisteari buruzkoa; 61. Zinebin, Espainiako Zinemearen Sari Handia irabazi eban Paula Iglesiasek eta Marta Gómezek zuzendutako Fabricando mujeres 2.0. Sail honetan eskainiko dira, baita, Pablo Maquedaren Dear Werner (Walking On Cinema) dokumentalaren aurre-estreinaldia; Javier Rebollok zuzendutako De los ojos adentro lanaren proiekzinoa; eta Josep Morell eta Jordi Vilarrek zuzendutako Ernest Lluch, libre y atrevido lanaren aurkezpena Bilbon.

Era berean, aurten film laburrak be nabarmendu behar dira, egungo zinema arloko zuzendari asko batzen baitira genero horren inguruan. Jonas Mekasen omenez sortu dan Glimpes – Distirak izeneko sailaren harira izango da hori, izan be, Jonas Mekasek normaltasun osoz buztartu izan zituan beti hiru edo bost orduko film luzeak eta film labur erako apunteak.

Omenaldia

Aurten, Zinebiren 2010eko Ohorezko Mikeldia jaso eban Luis de Pablo konpositore bilbotarra omenduko dabe, Veneziako biurtekoan musika arloko Ohorezko Urrezko Lehoia irabazi barri dauena.


Edizino hibridoa

Filmak zinema-aretoetan erakusteaz gan, zenbait proiekzino eta jarduera online egingo dira.


Egoitzak eta sarrerak

Arriaga Antzokia, Golem – Alondiga Zinemak, Azkuna Zentroko Auditorioa eta Arte Eder Museoa. Azkuna Zentroko Auditorioko eta Golem – Alondiga Zinemetako proiekzinoetarako, banakako sarrerak (4,50 euroan) eta 10 saioko bonuak (35 euroan) erosi ahal izango dira zemendiaren 1etik aurrera, Golemeko leihatiletan. Arte Eder Museoan egingo diran ekitaldietarako sarrerak 3,50 euroan egongo dira. Gainera, Zinebik bonu bereziak eskainiko ditu 20 euroan honako kolektibo honeentzat: erretiratuak (eta 60 urtetik gorakoak), lanbakoak eta ikasleak (eta 26 urtetik beherakoak).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu