Seriesland Jaialdiak Basqueguna dakar
2020-10-19 11:01 ZinemeaVI. Seriesland, gaur hasiko da ikus-entzunezkoen euskal sektoreari buruzko Basquegunagaz.
VI. Seriesland, Bilboko Websailen Nazinoarteko Jaialdia astelehenean, urriaren 19an, hasiko da ikus-entzunezkoen euskal sektoreari buruzko Basquegunagaz; bertan landuko dira bai profesionalen ikuspegia, bai enpresena eta bai sormenarena be. Goizean, profesionalen mahai-inguru eta topaguneetan sektoreko eragile nagusiak batuko dira; arratsaldean, barriz, euskal sorkuntzarik barrienetako batzuei buruzkoa izango da gehienbat eta zenbait lan proiektauko ditue lanon arduradunak bertan diralarik.
Bizkaia Aretoan, 10:00etan, Seriesland programako lehen ekitaldia izango da: hiru-mahai inguru; mahaiotan, ikus-entzunezkoen arloko euskal enpresen beharrak jorratuko ditue, baita merkatuan dagozan aukera barriak be. Bertan ezabaidatzen dana argitalpen batera batuko da gero eta hor laburtuta etorriko dira jardunaldiko berbaldietan izandako ekarpenak eta ondorioak.
Lehen mahai-inguruan, aro digitalean fikzinoko kontakizunen sorkuntzea zelan dagoan atertuko dabe Diego H. Kataryniuk Di Constanzo zuzendari, produktore eta gidoilari argentinarrak, Euskal Herriko Zinema Eskolearen ordezkari; Asier Gerrikaetxebarria, Euskal Gidoilarien Alkartekoak; Izaskun Arandiak, gidoilaria eta produktorea Izar Filmsen; eta Gaston Armagnok, sail digitaletan aditua dan zuzendari eta gidoilari uruguaitarrak.
Bigarren mahai-inguruan, banaketa plataforma barriak izango dura ardatz eta parte-hartzaileak: Itziar Azpeitia EITBko Proiektu Estrategikoen arduraduna, Iker Ganuza Lamia Produkzinoak etxekoa, Aletxu Etxebarria The Blackout Projecten fundatzaile eta zuzendari ejekutibo eta EIKEN klusterreko presidentea eta Maite Ruiz de Austri Extra Produkzinoak konpainiakoa eta APIKAko presidentea.
Eta, hirugarren mahai inguruan, gai bi landuko ditue, tokiko ikus-entzunezko produkzinoak globalizazinoaren aroan eta koronabirusaren pandemiak sektorean eragin dauena. Bertan izango dira Marian Fernandez IBAIA Produktore Burujaubeen Alkartekoa, Carlos Juarez Euskal Produktoreen Alkartekoa, Isabel Liebana GAIA klusterra-Ezagutzearen eta Teknologia Aplikatuen Alkartekoa eta Maria Lopez, EIKEN-EAEko Ikus-entzunezkoen eta Eduki Digitalen Klusterreko ordezkaria.
Iberdrola Torrean otordua eginda, sektoreko gogoetei berrekingo jake aurretik aitatutako gaiei buruzko hiru lan-mahaitan; eztabaidan era aktiboan parte hartzeko aukerea izango dabe bertaratutako enpresa guztietako ordezkariek.
Arratsaldeko jarduerea Bilborocken
Arratsaldean, lehiaketeari lotutako jarduerak izango dira gehiago eta, beraz, Serieslanden lehiatzeko hautatutako websailak proiektauko ditue lan horreen sorkuntzan, zuzendaritzan eta talde artistikoan ibilitako protagonistak bertan izango diralarik. Bilborocken izango da, eta, ondoren, Basquegunak hartuko deutso txandea, batez be Euskal Herrian sorturiko websailen proiekzinoagaz.
Lau sail digitalek izango ditue bertan protagonistak eta Ane Lindane aktoreak alkarrizketatuko ditu:
Koala Rabioso eta Naty Penadas youtuberrek berbagai izango dabe zelan bilakatu daben euren txakurra saileko aktore nagusi; izen hau ipini deutse: ¿Puede un perro nórdico hacer agility y yo grabarlo?; hor saiatuko dira trabakaz osotutako zirkuitu-modalidade batean ha entrenetan (18:00, gaztelaniaz).
Maddi Castro zuzendariak eta Ainhoa Artetxe aktoreak galdera bati erantzun beharko deutse ETBko Pikuak websailari buruz; hor kontetan da Donostian bizi diran hiru neskak zelan erabagitzen daben porno feministea filmetako abenturan sartzea (19:00, euskeraz).
Mondragon Unibersidadean Ikus-entzunezko Graduko ikasle izandakoek Ixa sail-aplikazinoa aurkeztuko dabe, formatu bertikalean filmauta, eskuko telefonoan ikusia izateko. Dirulaguntzino bat emon eutsen Tabakalerako Ikusentzunezko Laborategiak eta horri esker sortu eta produzidu eben (20:00, euskeraz).
Jokin Etxeberria ETBko Chiloé bidaia programako barriemoile eta Basque Underground Report-eko zuzendariak —hori ere euskal telebistarako egindakoa—Youtuben aurkeztuko adu bere Muak saila, umorean eta kultur desbardintasunetan oinarritua (21:00, euskeraz).
Zuzeneko aelkarrizketakaz batera, Bilborocken, sail ofizialean lehiatzen diran beste websail bi emongo ditue (18:00etan eta 22:00etan). Eta, azkenik, Seriesland Sessionsegaz amaituko da eguna, izan be, bestelako sail batzuk ikusteko momentua izango da eta holan emongo jako amaierea egunero programeari Barrenkaleko Barrenako Kabaret klubean; horrek balioko dau networking-a egiteko jaialdira gonbidatuak izan diranen artean.
Serieslandek honako erakunde honeen babesa izan dau: Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Saila, Beaz, Bilbo Ekintza, Kultur eta Kirol Ministerioa, Zineuskadi, EIKEN klusterra, Key Group Comunicación, Laboral Kutxa, Euskotren eta Videmic.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!